uriartedesign-ek
sortutako webgunea
uriartedesign-ek sortutako webgunea
[Nora Azkargorta] Fermin Muguruza musikari eta ekoizleak New Orleansen grabatutako Nola? dokumentala du aurtengo Zinemira sailean. Duela hamar urte Katrina urakanak gogor astinduko ingurunearen egungo egoera bistaratzen duen dokumentala bertako musikariekin grabatutako kanta eta irudien bidez. 2013ko gira amaitu zuenean, haren bitartez New Orleans ezagutzera gonbidatu zuten eta joan zenean justu, bertako alkate ohiaren kontrako epaiketa baten emaitza eman zuten. “Sekulako dirutza lapurtu zuen hiriburua berriz eraikitzeko zegoen diru poltsatik eta ustelkeriagatik zigortu zuten. Jendea hau ospatzera atera zen kalera eta ustelkeriaren kontrako aldarrikapenez kaleak bete zituzten. Ni justu orduan iritsi nintzen eta bat-batean sentitu nuen bertakoa nintzela. Errebindikazioa musikaren bitartez egiten zuten, modu alai batean. Nahiz eta sekulako tragedia izan, musikak zauriak sendatzeko eta protesta egiteko balio duela argi eta garbi ikusi nuen. Hura zoragarria zen eta kontatu beharreko zerbait”, dio irundarrak.
Jendea ezagutzen eta loturak egiten berehala hasi zen irundarra, proiektua martxan jarriz. Urtemuga ezberdinak zirela eta bere kanta batzuk berreskuratzea erabaki zuen baina bertako erritmoekin kutsatuz eta hango musikariekin lanean hasi bezain pronto, beraien testigantzak jasotzen hasi zen Katrinaren hondamendiaren inguruan. “Katrinarena gertatu zenean New Orleanseko musikari ospetsu asko beste toki askotan bizitzen zeuden eta harrigarria badirudi ere, beraien jaioterrira bueltatzea erabaki zuten, ahal zuten moduan laguntzeko. Spyke Leeren dokumentalean ikusten den bezala, bertako jendeak egin zuen esfortzua izugarria da eta hortik heldu nion nik ere dokumentalari, komunitatea hain da garrantzitsua bertan… Beraiek altxatu behar zuten berriz ere hiria, baina musika izan zen motorra. Bizitza lezioa da hango jendearena, hain beste sufrimendu jasan ondoren, daukaten indarra benetan da miresgarria”.
New Orleans musika da betidanik, han jaio zen esklaboen sufrimendutik bluesa. Gero beste estilo batzuk etorri ziren, azken finean bertara eramaten zituzten Afrikako zonalde eta kultura ezberdinetatik esklabo izateko beltzak. “Nik Jamaikako erritmoak asko jorratu ditut eta New Orleansen esklabutza garaietatik daude jamaikarrak. Hori bertako musikan ere antzematen da. Eta hitzetan ere badago nolabaiteko antzekotasuna. Beraz bi nortasunek bat egiten dute nolabait”, gehitu du Muguruzak. Eta fusio hori berarekin ekarri zuen, grabazioan parte hartu zuten sei musikari Euskal Herrira etorri zirelako Ferminen bandarekin jotzera:”12 musikari oholtzan! Izugarria izan zen!”.
Laugarren aldiz aurkezten du Ferminek proiektu bat Zinemaldian eta dagoeneko, honi esker, lortu du Summertime Internationalekin, Holandako produktorarik garrantzitsuenetako batekin, kontratua: “Hemen egoteak eskaintzen dituen aukerak itzelak dira, nazioarteko banaketa izatea gero eta zailagoa baita eta hau aukera paregabea da!”.
Zinemaldiko edizio honetan gainera Fermin Muguruzak beste bi proiektutan hartzen du parte, batetik Pedaló filmeko zuzendariak kanta bat eskatu zion eta pedaloarekin Donostiara hurbildu zirenean, Ferminek kontzertua eskaintzen zuen portuan eta filmean agertzen da; eta bestetik, Mikel Ruedaren Quinta Planta dokumentalean gertakari historiko bat berreskuratuz, fikzio bat sortu eta bere kanta bat erabiliaz Ferminek proiektuan parte hartzen du.
Amaitzeko, bere asmoen berri eman digu musikari eta errealizadoreak: “Black is beltza animaziozko pelikularekin jada datorren hilabetean hasiko naiz. Talka, nire ekoiztetxoa eta animazioan adituak diren Dibulitoon-eko lagunekin. 2018an nire ilusioa beraz honekin Donostiako Zinemaldira bueltatzea litzake. Bosgarren aldiz!”.
uriartedesign-ek
sortutako webgunea
uriartedesign-ek sortutako webgunea
Pribatutasun politika eguneratu dugu datuen babeserako legedia berriagatik, eta gardentasunarekin dugun konpromisoagatik. Ez dugu aldatu zure datuak erabiltzeko eta konpartitzeko modua, baina uste dugu jakin behar duzula zure zein datu jasotzen ditugun, nola tratatzen ditugun eta zein aukera eta kontrol duzun. Ezarri cookie-akCOOKIE-AK UKATUGUZTIA ONARTU