uriartedesign-ek
sortutako webgunea
uriartedesign-ek sortutako webgunea
B hizkiarekin, Fermin Muguruza eta The Suicide of Western Cultureren disko berriak eragiten dituen kalifikatiboak: basatia, brutala, barbaroa… B hizkiarekin ere, bonba bat da B-Map 1917 + 100 (El Segell / Talka Records). Fermin eta TSOWCren arteko talka hau gure leku eta garaiaren mapa alternatibo bat baita, anbiziosoa eta desafiatzailea hala edukietan nola forman.
Alde batetik, Errusiako Iraultzaren mendeurrenaren itzala planetako hamar zonalde geografikotara zabaltzen du diskoak, den-denak B hizkiarekin hasten diren hirien ingurukoak: Bilbo, Bartzelona, Beirut, Buenos Aires, Brazzaville, Belfast, Berlin, Bogota, Belgrado eta Baton Rouge. Hamar kale-izendegi musiko-politiko-emozional horietatik abiatuta, gaur egungo munduaren sumindura, asaldaketa eta iraultzaren marrumaren mapa osatu du Fermin Muguruzak.
Hogeita hamar urteko ibilbidea amortizatutzat emateari muzin egin dio Fermin Muguruzak, eta inork jada espero ez zuen gidoi aldaketa bat eginez, soinu proiektu kamikaze batean murgildu da. Eta hala ere, Bartzelonako borrokako elektronika bikotearekin (Juanjo Fernandez Rivero eta Miquel Martinez) egindako kantu industrial-tribal sorta honek erabateko zentzua du bere ibilbidean. Beti egon da sortzeke zeuden musiken alde. Beti bilatu du soinu ezagunen ertza. Beti nahiago izan du ezinegonez ikusi zer geratzen zitzaion egiteko, egindakoari eroso begiratu baino.
Axola duen diskoa da B-Map 1917 + 100 —bihar, abenduak 1, argitaratuko da—. Fermin Muguruzak berak lanaren xehetasun guztiak azaldu ditu Joan Pons kazetariak egindako prentsa ohar/elkarrizketa luze honetan.
Ferminek Juanjo eta Miqui topatu zituenekoa
“El Segell zigiluko Carles Baenak bultzatu zuen hau dena. The Suicide of Western Cultureri buruz, “Love your friends, hate politicians” kantua baino ez nuen ezagutzen, kantutzarra. Haien diskoak bidali zizkidan, eta nire jarraitzaileak zirela esan zidan, nire ibilbidea gustuko dutela, etapa batzuk beste batzuk baino gehiago, eta noizbait zerbait egin beharko nukeela haiekin. Egun batean aurkeztu zizkidan eta haien musika hirurok elkarrekin entzuteko gonbidapena egin zidan. Alex Ferrer soinu teknikariaren estudiora joan ginen. Haien etxean, egin berriak zituzten kantu batzuk jarri zizkidaten, oso interesgarriak., eta nire ibilbide artistikoarekiko sentitzen duten grina azaldu zidaten. Single bat egin nahi zuten nirekin, kantu pare bat. Honek guztiak bat egin zuenez Black is Beltza proiektuarekin Bartzelonako Fabra i Coats lantegian egindako egonaldiarekin, han bertan elkartu ginen berriz eta hasi ginen pare bat abestiri bueltak ematen, ea zer ateratzen zen”.
Hitzordua sormen lantegian
“Joan den udaberrian Sant Andreuko auzotar egin nintzen. Auzoko kultur ekipamendurekin bat eginda zenbait proiektu hasi nituen: Taller de Musics-ekin, Chalart 58rekin… eta The Suicide of Western Culturerekin, noski. Bik bidalitako abesti argitaratugabe baten erremixa ekarri zidaten egun batean, eta, bapatean, hiru abestirekin pentsatu nuen: laugarrena ere egin dezakegu. Azkenean 15 egun hartu genituen: nik lan egiten nuen goizez, eta arratsaldeko lauretatik aurrera estudiora etortzen ziren hauek. Ekartzen zizkidaten doinuak entzuten genituen, eta hasi ginen sorkuntza lana egiten, kirurgia musikala. Pixkanaka gero eta gehiago gustatzen zitzaizkidan erakusten zizkidaten instrumentalak, eta hirugarren egunean argi ikusi nuen disko oso bat egin zitekeela, eta gainera, disko kontzeptual bat”.
Soinuaren mapa
“Urte honen hasieran hitzaldi batean parte hartu nuen, Bilbon, Leire Palacios kazetariarekin, Meatzaleak zikloaren barruan. B hizkiarekin hasten ziren sei hiri aukeratu nituen, eta sei zonalde geografiko horietan oinarrituta nire ibilbide osoa azaldu nuen. Hirugarren egunean, ideia horrekin joan nintzen estudiora, eta Juanjori esan nion: ‘bila itzazu, esaterako, Bogota edo Beiruteko bideoak eta proiekta itzazu’. Pantaila erraldoi bat genuen bertan, Black is Beltza-ren soinu banda egiteko erabiltzen ari nintzena. Irudiak proiektatzen genituen, nik hitzak idazten nituen eta melodiak grabatzen genituen musika oinarrien gainean… Oso iradokitzaile eta irudimenezkoa izan zen. Orduan esan nien: ‘Jaunak, hamar abesti ditugu, goazen diskoa egitera’. Materiala nirekin eraman nuen eta udan amaitu nituen letrak. Ahotsak Bonberenean grabatu nituen, Lisaböko Karlos Osinagarekin. Eta Bartzelonara itzuli nintzen, efektuak eta azken nahasketak gehitzeko. Hori dena urriaren 1aren inguruan izan zen. Data hori gakoa da”.
Urgentziako abestiak
“Ez nuen pentsatuta “Barcelona… Sant Andreu” abestia hain goiz ateratzea. Baina urriaren 1aren aurreko asteburuan, Miquik idatzi zidan: “ze lastima kantu hori amaitu gabe edukitzea, Barcelona antifeixista oihuarekin, orain baita botatzeko momentua”. Argia piztu zitzaidan. “Ezin dugu itxaron. Katalunian orain gertatzen ari dena kontatu beharra dago, ekarpen interesgarria izan dadila gure ikuspegitik. Jendea suspertu eta bozka ematera joan dadin, adierazteko eskubidea erabili dezan”. Bi egunean Juanjok prest zuen bideoa. Urgentziazko abestien ideia hori oso interesgarria eta indartsua iruditzen zait. Eta gaur egun musika sortzeko eta partekatzeko dauden erraztasunekin, gero eta egingarriagoa da. John Lennonen aipu bat erabiltzen dut beti, abestiak egunkari bateko albisteak balira bezala egitea gustatuko litzaiokeela esan zuenekoa”.
Errealitatea konposizioetan sartzen da
“Betidanik gustatu zait errealitatetik ateratako ahotsen sanpleatu ukitu hori sartzea, Negu Gorriak geroztik egindako lana identifikatzen du. Musika armazoiaren parte dira. Hitzak idatzi ahala pentsatzen nuen zein sanpler mota aukeratu nezakeen. Juanjo eta Miqui soinu eta hots sanpleatu asko sartzen ari ziren, eta nik, adibidez, kantuan ari zen tribu baten ahotsak gehitzen nituen “Brazzaville… Egun on Kinshasa” abestian, edo Bobby Sandsen heriotzaren berri ematen zuen irrati batena Belfasteko abestian, edo Ulrike Meinhofen ahotsa Berlingoan. Baliabide horiek asko motibatzen naute. Abestiak idazteko dudan modua da: aipuak, pertsonak… raparen estiloan. Maila kultural eta politikoan ate asko irekitzen duten erreferentziak dira”.
Autoaipurako eskubidea
“B-Map 1917+100 diskoan badaude ere nire ibilbideko beste etapa batzuei egindako keinuak. Abestiak aberasten dituen arrastoen jolas moduko bat da, jarraitu nauen jendeak abesti horietara jo dezake aipatzeko arrazoien bila; eta lehen aldiz entzuten duena entretenitu daiteke jolas horrekin, ikaskuntza gisa. “Brazzaville… Egun on Kinshasa” abestian, “Kolpez kolpe”-ren aizkoraren sanplerra hartu dugu berriz —egin ditudan proiektu guztietan azaltzen da, modu batean edo bestean—. Aizkorak markatzen du erritmoa. Aizkorarekin hasten da eta ondoren heriotz zigorra ekarri zion Patrice Lumumbaren hitzaldi ospetsuarekin lotzen da. Eta “Beirut… Never Dies” abestian, “Ehun ginen” aipatzen dut, Kortaturekin egin nuen M-aken abestiaren bertsioa”.
‘B-side wins again’
“Al Jazeera katearentzat musika arabiarrari buruzko dokumental sorta bat egiten ari nintzen garaian Beiruten finkatu nintzen, eta kateko ordezkarietako batek esan zidan garai batean hiru hiri izan zirela munduko informazio-iturri nagusiak: Beirut, Bilbo eta Belfast. Albisteen hiru B aldeak. Interes handia pizten duten beste gatazka asko B hizkiarekin hasten diren hirietan gertatzen direla jabetu nintzen: Bartzelona, Berlin… Oso mapa interesgarria deskubritu nuen B hizkiaren inguruan. Bestalde, “Baton Rouge… Black is Beltza” abestian sanpleatu dudan Public Enemyren ideia batekin akordatu nintzen: ‘Brother black the B is back, so check it out. The B-side wins again. Here we go!’. Errealitatearen beste aurpegia da B hizkia, kontrakalea da. Hain zuzen, hori da bizi naizen kalearen izena, eta Kontrabanda edo Kontrakantxa dira bira ezberdinetan lagundu didaten taldeen izenak. Horregatik, Dut taldearen “Itxura faltsuak” abestiari buruzko aipamen bat dago “Baton Rouge… Black is Beltza” kantuan; aldi honetan oso gogoan izan dudan disko eta bira bat egin nuen harekin”.
Garai latzak, musika latza
“Duela hogei urte Dutekin egindako Ireki ateak diskoaz geroztik hauxe da egin dudan diskorik gogorrena. Soinu basatia du, oso industriala da, are zaila jarraitzen nauen publiko batentzat. Baina niri betidanik gustatu zait hortik barneratzea. Bestalde, New Orleanseko musikariekin, Chalart58rekin dub formatuan edo Micaela Chalmeta Big Bandarekin egindako emanaldien ondoren, nire abestien berrikuspen fase batetik ihes egiteko gogoa nuen. Hortaz, disko honek ere balio du esateko: ‘Inork uste bazuen honaino iristen nintzela, oker zebilen’. B-Map 1917 + 100 ez da disko anekdotiko bat, ez da kolaborazio bat gehiago, ez, ez… Nire disko bat da, TSOWCrekin egina, baina pisu handikoa nire ibilbide osoaren barruan. Horregatik esaten dut 2017an egindako El estado de las cosas edo Gure jarrera bat dela, haiek ere lan kontzeptualak izan zirelako euren erara”.
Fermin Muguruza eta TSOWC_120_02_FINAL_Alberto Polo
Mundua azaltzen duen musika
“Ez dakit errealitatea eta gaur egungo garaiak azaltzen dituzten abestiak falta diren edo ez, baina nik bilatu eta aurkitzen ditut. Beharrezkoa iruditzen zait. Albisteen haria jarraitzea gustatzen bazait ere, batzuetan gainezka egiten dit informazio kopuruak. Inork interpretatzea, ikuspegi bat eskaintzea behar dut. Irratian Kate Tempesten “Europe is Lost” entzun nuenean, ukabilkada bat jasotzea bezala izan zen. Kronika-mezuak jaurtitzen dituzten artistek, oso berezkoa baina aldi berean iraultzailea den estetika baten bidez, Mimi Mercedez bezala, apasionatzen naute. Frantzian Casey deskubritu dut, oso queer estetika batekin, asko inpaktatu ninduen zuzenean. Konpromezu handiko abestiak egiten ditu maila sozialean. Sleaford Mods zuzenean ikusi nituenean ere oso basatiak iruditu zitzaizkidan. The Suicide of Western Culture ekarri zidaten gogora, nolabait. Niretzat hori da punk elektronikoa”.
Ni ere banaiz besteak
“Disko hau egiten ari ginela burura etorri zaizkidan beste artista asko daude. The Disposable Heroes of Hiphoprisy esaterako, beste garai batzuetan ere presente egon dena. Edo M.I.A.ren lehen diskoak eta bideoklipak, oso soinu globala zuten, industrialetik harago. Disko-mapa bat izanik, zentzua zuen soinu global batera gerturatzeak. Horregatik, “Brazzaville… Egun on Kinshasa” abestian, gaur egun Afrikan egiten ari den beat berriaren soinuak daude, Angolako kuduroa bezala, edo hip hop artistei hartutako ideiak. Eta soinuaren alderdi industrialari dagokionez, Atari Teenage Riot nuen gogoan, baina abesteko eran saiatu naiz oihutik aldentzen. Maite dut estilo hori, baina ez nuen berriz horretara jo nahi. Oinarri basati horiekin kontrastea egiteko melodiak bilatu ditut. Nine Inch Nails-ek ukitu hori zuen. Eta modu batean Manchesterreko post-punka ere presente zegoen Bartzelonako Fabra i Coatsen, oso giro ingeleseko lantegia da, Joy Division-New Ordez gogora ekartzen zidan”.
Mikroa eskutik eskura
“Hiru kolaborazio nabarmen daude diskoan. Saffa Hathot Palestinako rap abeslari bat da, Checkpoint rock filmean ere grabatu nuen. “Beirut Never Dies”-en arabierazko sarrera berea da. 1948ko Nakbatik bizirik atera ziren palestinarrek gogoratzen duten garaian Palestinako iparraldetik Beirutera joaten ziren autobusei buruz hitz egiten du, Beirutek eragiten zien liluraz, gaur egungo Israelen okupazioa ez zegoenean.
Malena D’Alessiok “Buenos Aires… Gernika Jai Alai”-n abestu du. Oso azkar rapeatzen du, grime estiloan. Hain azkar rapeatzen du, ezen azkenean ez zaion ulertzen esaten duena, baina zuzenean mundu guztia zoratzen da. Sarrera luze horretan desagertu historiko guztiak aipatzen ditu, baita Santiago Maldonado ere, artean ez baitzen agertu kantua egiten nuenean.
Kataluniako emakumezko hirukote bat da Marala, Artze eta Laboaren “Txoria txori” abesten dute Bartzelonako abestiaren hasieran. Veus contra el Masclisme zikloan ezagutu nituen, Sant Andreuko Ateneu L’Harmonian. Justu kantu horrekin hasi ziren. Imajina dezakezu nolako flasha izan zen niretzat. Asko inpaktatu ninduen eta kolaboratu behar zutela esan nien. Hauxe da emaitza: katalanez egin dudan lehen abestia euskaraz abesten duten katalan batzuekin hasten da”.
Kantu bat, bideo bat
“Disko hau oso anbiziosoa da, ez baita disko bat soilik. Kontatu nahi duguna ez dugu hitzak eta musikaren bidez bakarrik kontatu nahi, diskoaren estetikaren eta abesti bakoitza laguntzen duten irudien bidez ere egin nahi dugu. Kantu bakoitzak bere bideoklipa du. Asko gustatu zitzaidan PJ Harveyk Let England Shake diskoan egin zuena, disko bisualaren ideia oso indartsua iruditu zitzaidan. Aldeak alde, hori egiten saiatzen ari gara: astero erakusten dugun kantu berri bakoitzarekin bideoklip bat proposatuz, sail baten moduan”.
Burrunbak hodeiertzean
“Denbora behar dut zerbait polita eta ezberdina prestatzeko zuzenean. Diskoan hain presente dagoen alderdi bisuala nola inkorporatu aztertzen ari gara, proiekzio batzuekin. Zuzenean Karlos Osinagak ere parte hartzea nahi dut, berak grabatu ditu gitarrak diskoan. Ez daude lehen planoan, baina Lisabören ezaugarria den atzealdeko sare hori osatzen dute: burrunba edo gitarra akopleak tentsioa eta kezka sorrarazten duten soinu-ehunak sortzen. Zuzenean hori eragin nahi dugu, diskoan bezala, Kill The TVko jendeak ekarritako ikus-entzunezko osagaia gehituz. Ez dira kontzertu asko izango, baina egingo dugu aurkezpenen bat”.
uriartedesign-ek
sortutako webgunea
uriartedesign-ek sortutako webgunea
Pribatutasun politika eguneratu dugu datuen babeserako legedia berriagatik, eta gardentasunarekin dugun konpromisoagatik. Ez dugu aldatu zure datuak erabiltzeko eta konpartitzeko modua, baina uste dugu jakin behar duzula zure zein datu jasotzen ditugun, nola tratatzen ditugun eta zein aukera eta kontrol duzun. Ezarri cookie-akCOOKIE-AK UKATUGUZTIA ONARTU