uriartedesign-ek
sortutako webgunea
uriartedesign-ek sortutako webgunea
Fermin Muguruzak The Suicide of Western Culture borrokako elektronika bikotearekin grabatu du B-Map 1917+100 diskoa. Maiatzean aurkeztuko du zuzenean
Fermin Muguruzak (Irun, Gipuzkoa, 1963) bere ibilbide guztian erakutsi du gaitasun handia duela jauzi ikaragarriak egin eta, iraganari bizkarra eman gabe, hainbat eremutan mugitzeko. Hala ere, bere azkeneko lanak, The Suicide of Western Culture Bartzelonako elektronika bikotearekin ondutako B-Map 1917+100 diskoak, lekuz kanpo harrapatuko zituen jarraitzaile asko, inor gutxik espero zezakeelako hain soinu industrial eta gogorra Muguruzaren disko batean gaur egun. «Duela hogei urte Dutekin egindako Ireki ateak diskoaz geroztik hauxe da egin dudan diskorik gogorrena. Soinu basatia du, oso industriala, eta zaila ere izan daiteke jarraitzen nauten batzuentzat. Baina niri betidanik gustatu zait hor barneratzea». Diskoa kaleratu berritan, Black is Beltza animaziozko lanaren filmaketa lanetan buru-belarri sartu da Muguruza —2018ko irailerako estreinatu nahiko luke—, eta, elkarrizketak emateko denborarik gabe, Joan Pons kazetariarekin izandako solasaldi batetik ateratakoak dira testu honetan ageri diren adierazpen ia guztiak.
Proiektua Carlos Baenak bultzatu zuen, El Segell zigiluko arduradunak. Muguruzak The Suicide of Western Culture-ren kantu bakarra ezagutzen zuen artean (Love your friends, hate politicians), baina «izugarria» iruditzen zitzaion. «[Baenak] Haien diskoak bidali zizkidan, eta esan zidan nire jarraitzaileak zirela, nahiz eta garai batzuk beste batzuk baino gehiago gustatu, eta noizbait zerbait egin beharko nukeela haiekin». Egun batean, elkartu egin zituen TSOWC osatzen duten bi lagunak (Miquel Martinez eta Juanjo Fernandez Rivero) eta Muguruza bera, eta Bartzelonako bikotearen kantu berriak entzun zituzten elkarrekin: «Nire ibilbide artistikoarekin duten grina azaldu zidaten. Single bat egin nahi zuten nirekin, kantu pare bat. Horrek guztiak bat egin zuen Black is Beltza proiektua zela eta Bartzelonako Fabra i Coats lantegian egindako egonaldiarekin; horregatik, han bertan elkartu ginen berriz, eta pare bat abestiri bueltak ematen hasi ginen, ea zer ateratzen zen».
Bartzelona laborategi hartuta, lanean hasi ziren, eta egun batean TSOWCkoek inon argitaratu gabeko kantu baten remix bat eraman zioten Muguruzari: «Bat-batean pentsatu nuen hiru kantu izanda lau ere egin genitzakeela. Azkenean, hamabost egun hartu genituen. Nik goizez egiten nuen lan, eta besteak arratsaldeko lauretatik aurrera etortzen ziren estudiora. Ekartzen zizkidaten doinuak entzuten genituen, eta sorkuntza lana egiten hasi ginen, kirurgia musikala. Hirugarren egunean argi ikusi nuen disko bat egin zitekeela; disko kontzeptuala, gainera».
B-rekin hasten diren hiriak
B hizkia. Disko osoa zeharkatzen dute B hizkiarekin hasten diren hiriek: Berlin eta Bilbo, esaterako. Tartean, Brazzaville, Belgrad, Bogota, Baton Rouge eta Bartzelona, besteak beste. Hasieran, Beirut. «Al Jazeera katearentzat musika arabiarrari buruzko dokumental sorta bat egiten ari nintzen garaian, Beiruten kokatu nintzen, eta kateko ordezkarietako batek esan zidan garai batean hiru hiri izan zirela munduko informazio iturri nagusiak: Beirut, Bilbo eta Belfast. Albisteen hiru B-ak. Ohartu nintzen interes handia pizten duten beste gatazka asko B hizkiarekin hasten diren hirietan gertatzen direla: Bartzelona, Berlin… B hizkiaren mapa oso interesgarri bat aurkitu nuen».
Joan den urtearen hasieran, berriz, Muguruzak hitzaldi batean parte hartu zuen, Bilbon, Meatzaleak zikloaren barruan. Eta B hizkiarekin hasten ziren sei hiri aukeratu, eta bere ibilbidearen errepasoa egin zuen. Orduan ikusi zuen diskoaren oinarria: «Ideia horrekin joan nintzen estudiora, eta Juanjori esan nion: Bila itzazu, esaterako, Bogota edo Beiruteko bideoak, eta proiekta itzazu». Muguruzak pantaila erraldoi bat zuen han, Black is Beltza-ren soinu banda egiteko erabiltzen zuena, eta, irudiak proiektatu bitartean, hitzak idaztziz eta grabatutako musikaren gaineko melodiak sortuz joan ziren. «Oso iradokitzailea eta irudimenezkoa izan zen. Orduan esan nien: Jaunak, hamar abesti ditugu, egin dezagun diskoa». Muguruzak materiala eraman zuen, eta, hitzak amaituta, joan den udan grabatu zituen ahotsak Bonberenean (Tolosa, Gipuzkoa), Karlos Osinagarekin. «Gero Bartzelonara itzuli nintzen, efektuak eta azken nahasketak gehitzeko. Hori dena urriaren 1aren inguruan izan zen. Data hori giltzarria izan da».
Presazko kantuak
Urriaren 1ean independentziari buruzko erreferenduma egin zuten Katalunian, eta Barcelona Sant Andreu kantuak ere egun haietan ikusi zuen argia. «Ez nuen pentsatua hain goiz ateratzea, baina urriaren 1aren aurreko asteburuan, The Suicide-ko Miquik idatzi zidan: Zer pena kantu hori amaitu gabe edukitzea, Barcelona antifeixista oihua eta guzti; orain da botatzeko garaia. Argi bat piztu zitzaidan. Kantu hau orain atera behar dugu! Ezin dugu itxaron. Katalunian orain gertatzen ari dena kontatu beharra dago, ekarpen interesgarria izan dadin gure ikuspegitik». Bi egunetan prestatu zuten bideoa, eta kantua ere egina zegoen. «Presazko abestien ideia hori oso interesgarria eta indartsua iruditzen zait. Gaur egun, erraztasun handia dago musika sortu eta partekatzeko, eta gero eta egingarriagoa da».
Puzzle handi bat da B-Map 1917+100 disko osoa. Muguruzaren ibilbideko beste garai batzuei egindako keinuak ageri dira —adibidez, «Bartzelona fundamentalista, inoiz ez» dio Barcelona Sant Andreu-n, Bidasoa fundamentalista (1997) oroitaraziz, eta Kolpez kolpe-ko (1988) aizkoraren samplerra entzun daiteke Brazzaville, Egun on Kinshasa kantuan—, eta kantariaren lanean ohikoa izan den moduan, errealitatetik ateratako soinu eta ahotsek ere lekua izan dute kantuetan: «Betidanik gustatu zait errealitatetik ateratako ahotsen sanpleatu ukitu hori sartzea; Negu Gorriaken ondoren egindako lana identifikatzen du». Muguruzaren iritziz, «musika armazoiaren» parte dira, eta ugari dira diskoan: Ulrike Meinhofen ahotsa entzuten da Berlini dagokion piezan, Bobby Sandsen heriotzaren berri ematen duen irrati bateko grabazioa Belfastekoan… «Asko motibatzen naute baliabide horiek. Abestiak idazteko nik dudan modua da, aipuak eginez eta pertsonak aipatuz… raparen estiloan, zeinean beti egiten diren pertsonaien erreferentziak».
Pisu handiko diskoa
«Duela hogei urte Dutekin egindako Ireki ateak diskoaz geroztik, hauxe da egin dudan diskorik gogorrena». Hondarribiko hirukotearekin grabatutako lan hura mugarri bat izan zen —Negu Gorriak desegin ondoren grabatu zuen, bakarkako bidea hasi aurretik—, eta B-Map 1917 + 100 ere inportantea da Muguruzaren ibilbidean. Izan ere, azkeneko urteetan, kantaria bere abestien berrikuspen fase batean sartuta egon da, eta lan berriak hortik «ihes egiteko» balio izan dio. «Disko honek balio du esateko: Inork uste bazuen honaino iritsi nintzela, oker zebilen. B-Map 1917+100 ez da disko anekdotiko bat edo kolaborazio bat soilik. Ez, ez. Nire disko bat da, TSOWC-rekin egina, baina pisu handia du nire ibilbide osoaren barruan. Horregatik diot El estado de las cosas edo Gure jarrera bat dela, 2017an, haiek ere lan kontzeptualak izan baitziren, euren erara».
Diskoaren soinuak elektronika gogorraren, musika industrialaren eta hip-hoparen aztarnak biltzen ditu. «Punk elektronikoa» deitzen dio Muguruzak: «Disko hau egiten ari ginela burura etorri zaizkidan beste artista asko daude. The Disposable Heroes of Hiphoprisy esaterako, beste garai batzuetan ere presente egon dena. Edo M.I.A.ren lehen diskoak eta bideoklipak; oso soinu globala zuten, industrialetik harago. Hau disko-mapa bat izanik, zentzua zuen soinu global batera gerturatzeak». Horregatik, Brazzaville, Egun on Kinshasa kantuan Afrikan egiten ari diren beat berriaren ukituak eta hip hop artista afrikarren ideiak bildu ditu, eta Atari Teenage Riot gisako hardcore elektronikoko taldeen aztarnak ere badira diskoan, nahiz eta «oihutik alde egiten» saiatu den. «Nine Inch Nailsek ere bazuten puntu hori, oinarri gogor eta ilun batean melodiak bilatzen zituztenean. Eta, nolabait, Manchesterreko post-punka ere presente zegoen Bartzelonako Fabra i Coatsen; oso giro ingeleseko lantegia da, eta Joy Division-New Order ekartzen zizkidan gogora».
Orain Black is Beltza animaziozko filmaren prestaketa lanak denbora guztia kentzen dion arren, Muguruzak BERRIA-ri baieztatu dio maiatzean kontzertu batzuk emango dituela, eta Karlos Osinaga Txap Lisabö taldeko kideak lagunduko dituela oholtza gainean: «Berak sartu ditu gitarrak diskoan. Ez daude lehen planoan, baina hain Lisabörena den atzealdeko sare hori osatzen dute: burrunba edo gitarra akopleak tentsioa eta kezka sorrarazten duten soinu-ehunak sortzen ditu. Zuzenean hori eragin nahi dugu, Kill the TVko jendeak ekarritako ikus-entzunezkoak gehituz».
Azkeneko diskoa aurkezteko kontzertuak izango diren arren, Muguruzak bere ibilbideari ere begiratuko dio, nahiz eta horretarako iraganeko kantuak sonoritate berrira moldatu beharko dituen. Ez du langintza berria izango. «Sonoritateen inguruan, kontuan hartu behar dugu Johnny Cashen Hurt kantu zoragarria Nine Inch Nailsen bertsioa dela, ulertzeko kontrako norabidea ere egin izan dela; alegia, nire aurreko errepertorioa sonoritate ezberdinetara eramatea ohikoa da zuzenean ikusi nautenentzat».
uriartedesign-ek
sortutako webgunea
uriartedesign-ek sortutako webgunea
Pribatutasun politika eguneratu dugu datuen babeserako legedia berriagatik, eta gardentasunarekin dugun konpromisoagatik. Ez dugu aldatu zure datuak erabiltzeko eta konpartitzeko modua, baina uste dugu jakin behar duzula zure zein datu jasotzen ditugun, nola tratatzen ditugun eta zein aukera eta kontrol duzun. Ezarri cookie-akCOOKIE-AK UKATUGUZTIA ONARTU