Web creada por:
uriartedesign
uriartedesign
Web creada por: uriartedesign
Berria ➝
Kortaturen Zu atrapatu arte da Black is beltza 2: Ainhoa-ren soinu bandako lehen kanta. 1980ko hamarkadako koloreak. Kortaturen —tartean Iñigo Muguruza zena ageri dela— eta belaunaldi baten abestiak entzungo dira filmean. Izan ere, Ainhoa, pelikulako heroia, Euskal Herrira joango da, 1988. urtean, Manex aitaren lurraldea ezagutzera. Josune kazetaria eta haren kuadrilla topatuko ditu han. Beste toki batzuetara ere joango dira. Eta Fermin Muguruzak, gazte zela, ondo ezagutzen zuen giro soziopolitikoan murgilduko da. Gaur da Ainhoaren eguna Donostiako Zinemaldian. Belodromoan estreinatuko dute animaziozko filma, 20:00etan —sarrerak agortuak daude—.
Baina ez da asko itxaron beharko zinemetan ikusteko. Hego Euskal Herriko areto komertzialetara hilaren 30ean iritsiko da. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, berriz, azaroaren 16tik aurrera ikusi ahalko da. Filma Galizian, Herrialde Katalanetan, Espainian eta Argentinan ere estreinatuko dute. Azken herrialde horretan, urrian aurkeztuko dute, Argentinako Lagarto J eta Draftoon ekoiztetxeek ere parte hartu baitute proiektuan, Euskal Herriko Talka Recordsekin batera. Animazioan lanean aritu da Lotura Film ekoiztetxea.
Hainbat herrialdetako aktoreak aritu dira filmean ahotsa jartzen. Haiei harrera egiten ari da Muguruza. Denbora asko hartu dio horrek estreinaldi aurreko ordu eta egunetan. «Konpromiso handia daukat, ez bakarrik jendea zuri begira dagoelako, baizik eta nire gainean dudalako gonbidatu guztien logistikaren erantzukizuna. Denak ondo egotea nahi dut». Ia denak egongo dira gaur belodromoan. Bi neska protagonisten ahotsak Maria Cruickshankek (Ainhoa) eta Itziar Ituñok (Josune) jartzen dituzte.
Pelikulako zuzendariak argi du gaurko estreinaldia proiekzio bat baino askoz gehiago izango dela. Ez bakarrik filma pantaila erraldoian ikusiko duten 3.000 lagunengatik. «Eta ez bakarrik belodromoak guretzat kutsu sentimental eta politikoa duelako». Proiekzioaren aurretik, 18:00etan, Broker Brothers Band taldeak joko du; Boga kooperatibakoek barra batzuk jarriko dituzte, garagardoekin —filmak garagardo propioa du—; eta pelikulako elastikoak eta diskoak salgai egongo dira. «Kontzertu baten parekoa izatea nahiko genuke. Jende guztiak arnasa aldi berean hartzea nahi dugu, pelikularekin batera, eta, horretarako, aurreberoketa egingo dugu belodromoaren kanpoaldean», azaldu du Muguruzak.
Xanti Salvador audio ingeniariak —lehen zatian eta bigarrenean parte hartu du— esan zion Irungo (Gipuzkoa) musikari eta zinemagileari pelikula ikustea kontzertu batera joatearen parekoa izan zitekeela, belodromokoa jakin aurretik. Salvadorrek —Euskal Herriko film askotan egin du lan — esaten zuen altxatzeko eta dantzatzeko filma dela tarte batzuetan. Azkenean, estreinaldia belodromoan izango zela esan zion Muguruzak ingeniariari, eta hau izan zen haren erantzuna: «Hori da, hori da gure tokia».
Lau urte eman zituen Muguruzak Black is beltza-ren lehen zatia osatzeko. Harkaitz Cano idazlea izan zuen lagun gidoian, eta hura ez ezik, Isa Campo ere aritu da haiekin oraingoan. Beste lau urte egin ditu orain Ainhoaren bigarren partea amaitzeko. Eta nahiz eta belodromoko gaurko festa jendetsua izan, zuzendariak argi du asko duela jokoan hilaren 30eko asteburuan. «Hego Euskal Herrian beharrezkoa da lehen asteburuan jendea joatea zinema aretoetara; bestela, bigarren asteburuan filma kendu egiten dizute zinemetatik». Iruditzen zaio, edonola ere, belodromora joango diren askok pelikulaz hitz egingo dutela, eta estreinaldirako sarrerarik gabe gelditu direnak ere joango direla 30eko asteburuan. Baina adi egoteko deia egin du: «Jendeak nahi badu gauzak euskaraz egin daitezela, bultzatu egin behar da, eta filma ikustera joan behar da».
Datorren astean, pelikularen aurrestreinaldi batzuk egingo dituzte: asteazkenean, Valentzian (Herrialde Katalanak); ostegunean, Madrilen; eta ostiralean, Bartzelonan. Hiru emanaldi horietarako sarrera guztiak ere agortuta daude.
Urriaren 18an, 20an eta 22an, Argentinan aurkeztuko dute. Eta, azaroan, Lapurdiko herri batzuetan izango dira, baita Frantziako hainbat hiritan ere.
Photo: Gorka Rubio/Foku
La politique de confidentialité a été mise à jour en raison des nouvelles règles de protection des données et de notre engagement en faveur de la transparence. Bien que nous ne modifions pas la façon dont nous utilisons et partageons vos données, nous croyons que vous devez être informé de vos données que nous collectons, comment nous les traitons et quelles options et contrôle vous avez. Définir les cookiesREJECTER LES COOKIES ACCEPTER LES COOKIES