uriartedesign-ek
sortutako webgunea
uriartedesign-ek sortutako webgunea
Naiz ➝
Gaurko egunez, duela 39 urte Kortaturen lehen CDa aurkeztu zuen Fermin Muguruzak, eta astearte goiz honetan, «39 urteren ostean kulturalki aktibo» jarraitzen duela ospatu du. Hori hala dela adierazteko bi albiste zituen musikariak; batetik, ‘Bidasoa 2018-2023’ dokumentalaren DVDa eta soinu banda CD formatuan, eta bestetik, 2025eko ekainaren 14ean egingo duen kontzertua arratsalde osoko egitarau bilakatu dela, talde gonbidatuekin, eta 10.000 sarrera gehiago jarri dituztela salgai.
Andres Camio ‘Jitu’ elkar musikako ordezkariak azaldu du irundarrek oso ongi ezagutzen dutela bidasoa, «tragedia anonimoekin oso lotuta». Eta dokumentalak «hildako kopuru hotzen atzen, bizitza galdu dutenen istorioak» jasotzen dituela nabarmendu du, eta CDak, berriz, Bidasoako hainbat taldek osatutako soinu banda jasotzen duela.
Muguruzarentzat, jada dokumentala Primeran edota Filmin plataformetan ikusgai dagoen arren, «objektuak du garrantzia», eta horregatik erabaki du DVD formatuan kaleratzea. CDari dagokionez, kantu osoak entzun ahal izango direla azpimarratu du, eta ez dokumentalean bezala, zatiak. Berarentzat «Bidasoari maitasun kantu bat» da CDa, mugaren bi aldeetako herritarrak elkartu eta estilo ezberdin eta adin ezberdinetako musikariak euskaraz kantuan jarri dituelako.
Dokumentalaren euskarri fisikoari dagokionez, azaldu du lau hizkuntzatan daudela azpitituluak, horietako bat da arabiera: «Euskal Herria anitz hau gero eta aberatsagoa egin nahi badugu, horrelakoak egin behar ditugu».
Aintzane Lasarte dokumentaleko protagonista eta Bidasoa Etorkinekin taldeko kidea ere aurkezpenean izan da, eta gogoratu du Bidasoakoa, gaur gaurkoz azal kolorearen arabera ezin zeharka daitekeen muga bat dela. «Baina Hendaiako zein Irungo herritarrentzat topaleku bat da, elkartzen gaituena. Hainbat heriotza gertatu dira, baina jatorrian ez da ibaia hiltzen duena, migrazio politikek hiltzen dute», kontatu du.
«Pertsona bakoitzak proiektu bat du, inork ez du eskubidea hori geratzeko», azaldu du Lasartek, eta gogoratu du urtarrilaren 27an Baionan epaituko dituztela pasa den Korrikan hainbat migratzaileri muga zeharkatzen laguntzeagatik, hala ere, horretan laguntzea «egin beharrekoa» dela esan du.
Prentsaurrekoaren bigarren zatian, beste albiste baten berri eman du Muguruzak 2025eko ekainaren 14ko kontzerturako 10.000 sarrera gehiago jarri dituzte salgai. «Jada 25.000 sarrera saldu direla ikusita, festibal txiki bat egiteko nahia sumatu genuen, arratsalde oso bateko zerbait», azaldu du eta horretarako bere ibilbide osoan izandako «anai-arrebak» gonbidatu dituela kontatu.
Deskontrol, Bad Sound Sistem, Niña Coyote eta Chico Tornado eta Palestinako DAM taldea izango dira Anoetako oholtzan. Azken talde honek jotzeko aukera izango duen oraindik ziurtatu ez duten arren, «40 minutu Rocken jo zuten DAM taldekoek, Zaballako espetxean ere nirekin eman zuten kontzertua, baina genozidioa medio ez dakigu etorri ahalko duten, saiatuko gara».
Gogoratu du Anoetakoa baino lehen badituztela beste hainbat kontzertu eta, dokumentaleko soinu bandan belaunaldiartekotasuna bilatu duen bezala, kontzertuetan ere landu duela hori. Horregatik, esan du Lide Hernando izango dutela bira osoan gitarran eta koruetan, eta Gloria Maurel baterian.
Bestalde, asteburu honetan Martuteneko espetxean jotako kontzertuaren ostean Lakuako Justizia Sailak egindako adierazpenen harira hausnarketa bat egin du: «Nola da posible sailburu batek kantu bat hartu, epaitu eta zigortzea? Hori epaile batek egin beharko luke». Eta gaineratu du Imanol Pradalesi galdetu nahiko liokela zer iruiditzen saion bere sailburuak esandakoa.
«Espetxeetan kontzertuak jotzen dituen bolondresa naiz ni, 2000. urtean jada Iruñeko kartzelan jo genuen. Eta euskal presoak ez daudenean, laster gertatuko dela espero dut, espetxeetan jotzen jarraituko dut, garrantzitsua iruditzen zaidalako», adierazi du.
uriartedesign-ek
sortutako webgunea
uriartedesign-ek sortutako webgunea
Pribatutasun politika eguneratu dugu datuen babeserako legedia berriagatik, eta gardentasunarekin dugun konpromisoagatik. Ez dugu aldatu zure datuak erabiltzeko eta konpartitzeko modua, baina uste dugu jakin behar duzula zure zein datu jasotzen ditugun, nola tratatzen ditugun eta zein aukera eta kontrol duzun. Ezarri cookie-akCOOKIE-AK UKATUGUZTIA ONARTU