Asier Suberbiola musikaria izan da lehen onuraduna eta musika arloko material didaktikoa hedatzea izan du abiapuntu.
Entzun!→ Besteak beste Kortatu, Negu Gorriak eta Joxe Ripiau taldeetako kide izan zen Iñigo Muguruza musikariaren izena daraman beka berri bat sortu dute Irungo Kontserbatorioak eta Udalaren Musika Bandak.
Azken hamarkadetako euskal musika modernoarekin zerikusia duten ikerketa proiektuen garapena sustatu nahi dute. Parte-hartzea hauspotzeko, beka honen xedea talde, artista edota herri musikaren irakaskuntza eta dibulgazioa erraztuko duen material didaktiko-pedagogikoa eskaintzea da. Musika Eskolako eta Kontserbatorioko irakasleei zuzenduta pentsatu dute, baita beste edozein musika diziplinatan dabiltzanengan pentsatuta ere.
Hautatzen den ikerketa lanak gehienez 8 hilabeteko iraupena izango du eta beka 8.000 eurokoa da. Banakako pertsona fisikoek edo horretarako prestatutako taldeek eskatu ahal izango dute.
Asier Suberbiola izan da lehen onuraduna. Musika irudikatzeko sistema berri bat sortu du, partitura tradizionalak eta musika-notazio sistemak uztartuz. Era berean, musika erakusteko modu grafiko horrek azken 40 urteetako euskal musika herrikoiaren 40 abesti mitiko modu sortzailean birsortzeko aukera ematen duela azaldu du.