Etxepare Euskal Institutuaren lankidetzarekin euskal zinema, musika, dantza eta antzerkia izango dira hilero antolatutako ekimenetan
Datozen hilabeteetan Bogotako hainbat kulturgunek ateak irekiko dizkiete euskal zinema, musika, dantza eta antzerki esparrutan garatutako sorkuntzei Etxepare Euskal Institutuaren lankidetzarekin.
Ekimenak 2022an hasitako ibilbideari jarraipena emango dio eta lehen hitzordua aste honetan izango da otsailaren 21etik 26ra Zinematekan ‘Nuevo Cine Vasco’ zikloarekin. Bertan ikuspegi, estilo eta gaien aniztasuna ekuazioan oinarrituta azken urteetan euskaraz ekoitzitako lan esanguratsuenetarikoak eskainiko dira. Batetik, lehen aldiz Kolonbian ikusi ahal izango dira ‘Erlauntza’ (Mireia Gabilondo), ‘Amama’ (Asier Altuna), ‘Black is Beltza’ (Fermin Muguruza), ‘Oreina’ (Koldo Almandoz), ‘Handia’ (Jon Garaño eta Aitor Arregi) eta ‘Dantza’ (Telmo Esnal) 12 emanalditan.
Bestetik, maiatzean gatazka eta bizikidetza ardatz duten zazpi film proiektatuko dira Kolonbiako Egiaren Batzordeak eta Arteen Institutu Distritalak antolatutako ‘Que haiga paz: campo visual, conflicto y memoria’ programa zabalaren parte. Hala, hilero elkarrizketa sozialari ekarpenak egitea bilatuko da ‘La Fuga de Segovia’ (Imanol Uribe), ‘Yoyes’ (Elena Taberna, 2000), ‘La pelota vasca (Julio Medem), ‘Asier eta biok’ (Aitor/Amaia Merino), ‘Lasa eta Zabala’ (Pablo Palo), ‘Negociador’ (Borja Cobeaga) eta ‘Maixabel’ (Iciar Bollain) lanekin.
Bestelako arteak ere, presente
Zinemaz gain bestelako arteak ere presentzia izango dute Kolonbian eta lekukoa antzerkiak hartuko du Tanttaka Teatroa eta Kukai Dantzaren eskutik. Apirilaren 25etik 29ra Fernando Bernues eta Mireia Gabilondok gidatutako antzerki konpainiak bi lan aurkeztuko ditu: ‘Sexberdinak’, Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta protagonista dituen hazkunde pertsonaleko istorioa, eta ‘Semea pixka bat motelagodabil soilik’, Ivor Martinic antzerkigile kroaziarraren testu arrakastatsuan oinarritutako muntaia.
Kukai taldeak, berriz, ‘Desde mi txoko’ eta ‘Yarin’ lanak taularatuko ditu abuztuaren 22etik 26ra. Lehenbizikoan, Jon Maya dantzariak bere alderdirik intimoena erakusten du, dantza tradizionaletik dantza garaikidera doan bidaian; ‘Yarin’-ek, aldiz, kulturen arteko topaketa proposatzen du, zeinetan Jon Maya dantzaria eta Andres Marin bailaorea topatzen diren, Julen Achiary-ren zuzeneko musikaz lagunduta.
Azkenik, maiatzaren 3tik 6ra Oreka Tx taldeak Bime Bogotan parte hartuko du.