uriartedesign-ek
sortutako webgunea
uriartedesign-ek sortutako webgunea
[TTan-TTakun] Fermin Muguruzak Nola? izeneko disko/liburu/dokumentala atera berri du eta azalpenak eman dizkigu elkarrizketa honetan.
[Berria] Fermin Muguruzak Irun Meets New Orleans diskoa eta Nola? dokumentala plazaratu ditu New Orleansko musikariak makulu hartuta
Ez da berria Fermin Muguruzaren musika beltzarekiko mira, interesa eta lilura, hiru bat hamarkadetako kontua bai, gutxienez. Musika beltz horren ezagutza areagotzeko eta hain gustukoa duen kultur trukea eta harreman sarea baliatuz plazaratu du lan berria, ezpal bikoitzekoa: Irun Meets New Orleans diskoa eta Nola? dokumentala, Talka Records & Films zigilu etxekoarekin.
Diskoaren izenburuak keinu egiten dio 2003an kaleraturiko Irun Meets Bristol. Komunikazioa lanari (Metak-Kontrakalea), eta, kultura enkontru horien bideari segika, hamar kantuz osaturiko lana ondu du, molde eta prozesu bereziz ondu ere. Bere ibilbideko zortzi kantu ezagunenetakoak New Orleansko musikarien laguntzaz eta hango soinura moldatuta eskaini ditu, eta hiriarekin loturiko beste bi klasikoren bertsioak ere egin ditu.
Muguruzak 2014an New Orleansera bidaiatu zuen (Louisiana, AEB) Aaron Walker eta Lily Keber zinemagileen bitartez —urte batzuk lehenago ezagutu baitzituen—. George Ingmir esatariak elkarrizketatu zuen WWOZ irrati erreferentzialean (jazza, soinu beltzak…).Hainbat musikari ezagutu zituen horren ondorioz, eta taberna batean jo zuen, Frenchmen Street kalean, hango musikariek lagunduta. «Euretako beste bat sentitu nintzen», aitortu izan du gerora Muguruzak berak. Esperientzia eta enkontru hartan sortu zen New Orleansen disko bat eta dokumental bat filmatzeko asmoa.
Bi talderen partaidetza
Diskoaren ekoizlea eta moldatzailea Jonathan Freilich izan da (The New Orleans Klezmer All-Stars eta The Naked Orchestra taldeetako gidaria), eta hark jo ditu gitarra nagusiak ere. Bi talde eratu zituen: batetik, brass band bat, Muguruzaren kantuak jotzeko gauza izan zitekeena; eta, bestetik, rhythm-and-blueseko beste talde bat, «malguagoa, ska eta punk sentimendua eta neworleanstar soinua batera zitzakeena», diskoa sustatzeko orrian azaltzen duenez.
Grabaketarako moldatu dituzten Muguruzaren ibilbideko zortzi kantuak honakoak dira: Kolore bizia, Etxerat!, In-komunikazioa, Zugarramurdiren akelarrea, Dub Manifest, After Boltxebike, Gora herria eta Black Is Beltza. Esaterako, Gora herria kantuak Katrina ostean New Orleans ebakuatu eta armadak okupatu zuenekoa eta musikaren bitartez bizirik iraun zuenekoa ekar dezake gogora sustapen orriko testua idatzi duen Miquel Botella musika kritikariaren aburuz. Grabaketan parte hartu zuen Sunpie Barnes musikariak esan zuenez, «abesti hori berdin-berdin izan zitekeen Louisianakoa ere». Izan ere, Barnesek berak jotzen du kantu horretan zydeco akordeoia, jatorrizko trikitiaren ordez. Barnesek berak eta Katey Red rap kantariak bounce ukitua ematen diote, aldiz, Zugarramurdin akelarrea kantuari.
New Orleans hiriarekin lotura duten bi kantuak Mess Around eta When I Die dira. Lehena Atlantic Recordseko presidente Ahmet Ertegunek idatzi zuen eta inauterien ospakizunarekin du zerikusia. Ray Charlesek argitara eman zuen single batean 1953an, eta geroago Dr. Johnek eta Professor Longhairrek moldatu zuten. Bertsio berrian Brian Coogan teklistak parte hartu du. Bigarrenak, heriotzaren ospakizunarekin du lotura. Kermit Ruffinsek argitaratu zuen Big Easy diskoan, 2002an. Muguruzak aurtengo uztailean zendutako Amaia Apaolaza manager eta adiskideari eskaini dio kantu hori.
Bestalde, diskoaren grabaketa eta Katrinaren hondamendiaren ostean hiria nola geratu zen azaltzen du hango musikari andanaren testigantzez osaturiko Nola? dokumentalak. Atzo estreinatu zuten filma Donostiako Tabakaleran, Euskadiko Filmategiak antolaturiko New Orleans eta Katrinari buruzko zikloan. Fermin Muguruza berak aurkeztu zuen filma, eta, ondoren, solasaldia izan zuen publikoarekin. Hurrengo aurkezpen eta emanaldiak Iruñeko Katakraken (abenduak 12) eta Baionako Kalostrapen (abenduak 16) izango dira.
uriartedesign-ek
sortutako webgunea
uriartedesign-ek sortutako webgunea
Pribatutasun politika eguneratu dugu datuen babeserako legedia berriagatik, eta gardentasunarekin dugun konpromisoagatik. Ez dugu aldatu zure datuak erabiltzeko eta konpartitzeko modua, baina uste dugu jakin behar duzula zure zein datu jasotzen ditugun, nola tratatzen ditugun eta zein aukera eta kontrol duzun. Ezarri cookie-akCOOKIE-AK UKATUGUZTIA ONARTU