December 3rd: International Day of the Basque Language
Aupa lagunok:
Azken komunikaziotik urte bat igaro da jada, eta zenbat ekimen, aurkezpen, engaiamendu eta ekintza izan diren urte luze honetan.
Black is Beltzaren erakusketa amaitu zen otsailaren hasieran baina komikiarekin bidaiatu izan dut Japoniara, Venezuelara, eta Argeliara. Eleberri grafikoaren edizio berriak izan dira herri horietan baita Kolonbian ere, eta datorren urterako Argentinakoa dugu zain.
Tex&Sun Flower Seed taldearekin Japonian izan nintzen liburua aurkezten eta hori izan zela eta, beraiekin zuzenean aritu nintzen Esperanzah Festibalean, Manu Chaok gonbidatuta.
Guerra ikuskizun musikal multidisziplinarraren parte izatea erabaki nuen Albert Pla eta Raul Refree artista erraldoiekin batera. Eta Bartzelonako Grec festibalean aurkeztu eta gero, antozkiz antzoki gabiltza ia asteburuero. Horrela ere izango da datorren 2016an.
Amaia Apaolaza uztailean zendu zen eta Oridizian agurtu genuen azaroan ekitaldi hunkigarri eta zoragarri batekin. Bere hutsuneari sorkuntzaz eusten diot, eta berarekin batera burutu behar nuen egitasmoa gaur plazaratzen da:
NOLA? IRUN MEETS NEW ORLEANS,
blues eta jazzaren herrian eginiko egitasmo berria, 10 kantuko Cda gehi dokumentala DVDan.
Gaur bertan egingo dugu lehendabiziko proiekzio publikoa Donostiako Tabakaleran, Euskadiko Filmategiarekin landutako zikloaren barruan: Katrina 10 urte eta gero
http://www.filmotecavasca.com/eu/10-anos-despues-del-katrina
Gaur ere euskararen nazioarteko egunean web domeinu eta atari berria zabaltzen dugu:
Eta beste aldaketen artean, Agenda FM atala zabaltzea pentsatu genuen, ekitaldiak, GUERRA emanaldiak, zuzenekoak eta abarrekoak iragartzeko.
Azkenik, datorren urteko 2016. ekainaren 21etik uztailaren 31era Bartzelonako Arts Santa Mónica museoan BLACK IS BELTZA erakusketa izanen da, eta ekainaren 21etik uztailaren 10a arte, Bilbon egin genuen bezala, ekitaldi paralelo ugari antolatuko ditugu. Horien artean eta data horietan, New Orleanseko musikariekin zeozer egiteko ideia ere badut buruan, beraz, adi egon!
Laster arte, eta eutsi!
Fermin Muguruza