Orain 11 urte Negu Gorriak-ekin bezala, «adierazpen askatasunaren garaipena» ospatuko du belodromoan, ‘Black Is Beltza II: Ainhoa’ filmaren aurkezpenean.
Garesti dago itzala Moskun. Beroa itogarria da, eta inor gutxi dabil Irungo Urdanibia plazan (Gipuzkoa), edari banatzaileez gain. Hala ere, Fermin Muguruza (Irun, 1963) praka bakeroekin eta kamiseta beltzarekin iritsi da; are ilunagoa, idatzita daramana irakurriz gero: Black Is Beltza. 2014an sortu zuen izen bereko komikia, 2018an filma, eta irailaren 30ean estreinatuko dute Black Is Beltza II: Ainhoa Hego Euskal Herriko zinemetan; azaroaren 16an, Iparraldean. Eta urriaren 6an, komikia. Gainera, atzo jakinarazi zuten filma Donostiako 70. Zinemaldian aurkeztuko dutela, belodromoan, irailaren 23an. «Euforiarekin bizi dugu dena». Ur trago bat edan du plazako iturritik.
Azken boladan, Muguruza zineman dabil buru-belarri, musikan baino gehiago. «Kulturaren langilea naizela esatea gustatzen zait». Etxeko sukaldean, hozkailutik atera du ura. Lurreko haizagailuak leun bultzatzen ditu pareta guztietan itsatsitako musika kartelak eta irudiak, eta animaziozko film baten poster koloretsu bat nabarmentzen da horien artean: Chihiroren bidaia (Hayao Miyazaki, 2001). «Seme-alabengatik jarri genuen hemen, duela hogei bat urte; fanatikoak ziren. Eta, begira, gu ere marrazki bizidunak egiten ari gara orain».
Zer moduz doa filmaren bidaia?
Ia bukatuta dago, baina detaile teknikoen prozesua astuna da. Oraindik ez dugu making of-a bukatu. Aurreko filmarekin dokumental bat egin genuen, Beltza naiz, proiektuaren ibilbide osoa kontatzeko. Orain, azken lau urteetan egin dugun lana kontatuko dugu.
Nola iritsi zara helmugara?
Duela lau urte baino askoz lasaiago nago. Aurreko pelikularekin, Itakara ailegatu ginen, munstro guztien kontra borrokatu eta gero, baina arnasestuka iritsi ginen Zinemaldirako. Orain, uste dugu abuztuan arnasa hartu ahal izango dugula, irailetik aurrera ibilbide nekagarri eta hunkigarri bat izango baitugu.
Zer geldialdirekin?
Irailaren 30ean, estreinaldia Hego Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan. Urriaren 6an, komikiaren argitaratzea, lau hizkuntzatan, lau argitaletxerekin. Urriaren 20an, Argentinako zinemetan estreinatuko da, koprodukzio bat baita, eta aurkezpenak egingo ditut Buenos Airesen eta Rosarion. Eta, azaroaren 16an, Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatuan banatuko dugu.
Hori guztia baino lehen, Donostiako Zinemaldian aurkeztuko duzue.
Pozez zoratzen nago pelikula aukeratu dutelako. Zinemaldia garrantzitsua da niretzat: sei aldiz egon naiz hor, nire pelikula guztiekin. Esan behar dut, gainera, lehenengo dokumentala egin nuenean zenbait jendek jarraitzera animatu ninduela, eta horietako batzuk Zinemaldikoak izan zirela. Aurtengoa sekulako oparia da. Oso zaila izan da pelikula egitea.
Lehenengoaren arrakastak ez dizue erraztu bidea?
Beste pelikula askok lortzen dituzten babesak lortzeko, guri ateak itxi dizkigute. ICAAk [Zinemaren eta Ikus-entzunezko Arteen Espainiako Institutuak] ezetz esan digu berriro, eta TVEk ere bai, oso garbi esanda, gainera: «Ez dator bat ildo editorialarekin». Begiratzen baduzu TVEk zer pelikula babesten dituen, are gehiago Euskal Herriari buruz hitz egiten dutenak… ba, argi dago zer ildo editorial babesten duten. Horrek esan nahi du kontatzen ari garena ez zaiola samurra egingo zenbait jenderi. Baina bidea oso zaila izan da. Lehenengo aldiz sentitu dut proiektu bat hondoratzen ari zitzaidala.
Benetan?
Bai. Momentu batean, denek ezetz esan ziguten. Merkatuetara joan garenean finantzaketa bila, han zeuden proiektu guztiek ICAAren eta TVEren babesa zuten. Eta guk baino hiru bider aurrekontu handiagoa. Alde batetik, harrotasuna ematen dizu, baina oso jipoitua sentitzen zara.
Noiz suspertu zen proiektua?
Europako Batasuneko Mediak garapenerako laguntza bat eman zigun, eta, gainera, puntuaziorik handienarekin. Horrekin joan ginen, atera genuen barkua, eta abentura guztia izan dugu. Donostiara ailegatu gara berriz ere.
Belodromora, gainera.
Belodromo hitza entzun nuenean… Esan zidaten: «Bai, baina 3.000 pertsona sartzen dira». Horri baietz esan nionean, konfiantza handiagoa hartu nuen neure buruarekin. Beti izan dut konfiantza hori, baina bertan behera gelditua zegoen. «Bai, 3.000 pertsona eramango ditugu». Pelikula Iñigori [Muguruza] eskaintzen diogu. Kortatu ateratzen da 1988an, eta elkarrizketa bat egiten digute Iñigori eta bioi: marrazki bizidunetan bizia hartzen du berriro. Pista batzuk ematen ditugu gero egingo dugunaren inguruan eta pelikulan gertatuko diren zenbait gauzaren inguruan. Adibidez, nik botatzen dut: «Kantu bat egin beharko genuke Irunen desagertu diren 150 kilo kokainari buruz».
Negu Gorriak-en Ustelkeria…
Egin genuen, eta ia bederatzi urteko ibilbide judiziala ekarri zigun. Gero, irabazi genuen, eta garaipena belodromoan ospatu. Orain filma belodromoan aurkeztea zera da… justizia poetikoa [irribarrez]. Aurrekoan, adierazpen askatasunaren garaipena ospatzera joan ginen, eta orain ere adierazpen askatasunaren garaipena ospatuko dugu, pelikulari trabak jartzen saiatu baitira. Kontakizun ofizial bat baitago; hortik ateratzen den guztiari egurra ematen diote, edo isilarazten saiatzen dira. Hemen, kostatu da babesa lortzea, eta, hemendik kanpo, ez dute ezer jakin nahi honi buruz.
Zer prestatu duzue belodromorako?
Ekitaldi bat izango da, proiekzio bat baino gehiago. Emanaldia 20:00etan egingo da, eta, 18:00etarako, gune bat antolatuko dugu, edariekin; Broken Brothers Brass Band hor izango da jotzen. Duela lau urte ere egon ziren. Orain, soinu bandan parte hartu dute: Nicaragua sandinista-ren bertsio bat egin dute, pelikularen hasieran entzuten dena, Ainhoa Iruñera ailegatzen denean, sanferminetan txaranga batek joko balu bezala, txaranga neworleanstar batek. Xanti Salvador soinu ingeniariak esaten du pelikula hau musika jaialdi batean jar daitekeela. Asko poztu zen esan nionean belodromoan emango dela. «Jendea zutik jarriko da!».
Aurreko filmaren esperientzia hain nekagarria izanik, zerk piztu zizun beste bat egiteko gogoa?
2014an, Guadalajarako liburu azokara joan nintzen, Mexikon ere argitaratu bainuen komikia. Cris Trombon zegoen han, eta sound system bat prestatu genuen. Komikia gau batean irakurri zuen, eta, hurrengo egunean, esan zidan: «Baina, Fermin, orain jakin behar dugu Manex eta Amandaren alabaren istorioa, Ainhoarena!». Black Is Beltza-ren ekintza guztia 1967an girotuta dago; beraz, Ainhoak 20 urte izango zituen 1980ko hamarkadan, eta burura etorri zitzaizkidan Kortatu, Azken guda dantza…
Zuk bizitako garaien kronika bat egiteko aukera bat zen.
Bai. Jone Unanua bikotekide eta ekoizle eragileak esan zidan pentsatu ere ez egiteko beste animaziozko pelikula batean. Baina eskaleta bat prestatu nuen Harkaitz Canorekin. Eta hor etorri zen Iñigorena. Misio bat genuen: «Hau kontatu egin behar dugu». Terapia gisa balio izan digu. Bestela, pandemia oso gogorra pasatu genuen, baina hau geneukan, eta atera egin behar genuen. Animazioa teknika oso zaila da, lan izugarria eskatzen dizu, zure bizitzako lau urte hartzen ditu… baina zerbait magikoa dauka. Lorpen bakoitza festa handi bat da.
Hirugarren atalik ez oraingoz?
Oso garbi daukagu sufritu dugun hori ez dugula berriro sufrituko. Beste aukeraren bat sortuz gero… animazioa egiteari ez diot ezetz esaten. Mundu zoragarria da.