- Kontzertu berria abenduaren 21ean izango da, lehen kontzertuaren biharamunean.
- Ez da hirugarren kontzerturik izango.
- Sarrerak ostegun honetan, apirilaren 25ean, jarriko dira salgai, 10:00etatik aurrera, www.muguruzafm.eus webgunean.
- Kortatu zein Negu Gorriak-en garaiak zein bakarkako azken lanak gogoraraziko ditu Muguruzak kontzertuan.
Irunen, 2024ko apirilaren 23an
Abenduaren 20ko kontzerturako sarrera guztiak agortu ostean, Fermin Muguruzak kontzertu berri bat iragarri du Bilbao Arenan 2024ko abenduaren 21erako, lehen kontzertuaren biharamunerako, hain zuzen. Kontzertu berrirako sarrerak ostegun honetan, apirilaren 25ean, jarriko dira salgai 10:00etan www.muguruzafm.eus helbidean. Horrenbestez, antolakuntzatik nabarmendu dute ez dela hirugarren kontzerturik izango.
Astearteko lehen ordutik ikusmin handia sortu da lehen kontzerturako sarrerak eskuratzeko, eta momentu batzuetan 70.000 eskari baino gehiago jaso dira aldi berean. Muguruzak jasotako harrera eskertu nahi izan du, eta, hori dela eta, bigarren kontzertu bat iragarri du Bilbao Arenan: “Azken egunetan sortutako ikusmina olatu erraldoi batean bihurtu da gaur goizean. Sekulakoa egin duzue! Hori dela eta, sarrerarik gabe geratu diren milaka pertsonei bigarren aukera bat eskainiko diegu. Hori bai, ez da hirugarren Miribillarik egongo”.
2013 urtetik eszenatoki handietara igo gabe egon ondoren, Fermin Muguruza musikariak taula gainera itzuliko dela iragarri zuen joan den astean, bere urtebetetze egunean, ‘Muguruza FM. 1984-2024’ izenburupean eskainiko duen ikuskizunarekin. Bertan, azken lau hamarkadetan eginiko bidea ekarriko du gogora, Kortatu eta Negu Gorriak-en hastapenetatik bakarkako lan berrienetara arteko ibilbidearekin. Kontzertua abenduaren 20erako zegoen iragarrita, Bilbao Arenan. Orain, berriz, bi kontzertu izango direla aurreratu du Muguruzak.
40. urteurren hau momentu berezi batean dator, izan ere, espainiar eskuin mediatiko eta judizialak berriz ere abiarazi du Muguruzaren aurkako oldarraldia. Horren aurrean, ‘Zentzurari Stop’ adieraziz erantzungo die Muguruzak taula gainetik, bere ibilbidea eta ondarea aldarrikatuz. Kontzertuan, besteak beste, Kortatu-ren zein Negu Gorriak-en garaiko lan sendo eta konprometitua edota bakarka izan duen bilakaera ekarriko ditu gogora. Kantu historikoz beteriko gaua izango dela aldarrikatu du Muguruzak.
Bi kontzertu hauek ikuskizun soil bat baino askoz gehiago izango direla nabarmendu du artistak, musika adierazpenerako eta aldaketa sozialerako tresna gisa erabiliz. Publikoak euskal musikaren ikono bilakatu diren hainbat abestiz gozatu ahalko du.
“Kontzertu hauek zentsuraren eta azkenaldian herri gisa jasaten ari garen eskuin muturraren erasoen aurkako festa izatea nahi dut. Hor daude Valentzian nire omenez egindako horma irudiagatik inputatu duten ikastetxe bateko zuzendaria eta zuzendaritza-kontseiluko 5 irakasle, edota Itziar Ituñoren edo Athleticeko jokalarien aurkako erasoak ‘Sarri, Sarri’ abesteagatik. Oso argi eta ozen esan nahi diet: Abenduaren 20an eta 21ean ‘Sarri, Sarri’ eta beste hainbat abesti gure indar guztiarekin kantatuko ditugu, herri honetan zentsuraren gainetik aurrera egiten dakigula erakusteko”, nabarmendu du Muguruzak.
Eragin eta karisma handieneko figura
Irungo artistak gogoratu du ohore eta pribilegio handia dela 40 urteko ibilbide hau agertoki baten gainean ospatu ahal izatea, “batez ere nire inguruan jendea erortzen ikusi ondoren. Eskenatokira igo nintzen azken aldia kontzertua eskaintzeko, Iñigo anaiaren omenez izan zen, duela 5 urte, eta oraingoan espero dut kontzertu hauek bereziak izatea datozenentzat; niretzat, behintzat, hunkigarria izango da. Gutako askori eta herrialde honetako imaginario kolektiboari forma eman dioten uneak gogoratuko ditugu hainbat hamarkaden ostean”.
Muguruza euskal musikaren panoraman eragin eta karisma handieneko figuretako bat gisa definitu da hainbat sektoretan. Bere anaia Iñigorekin batera Kortatu musika taldea sortuz hasi zuen bere musika ibilbidea. Kortatu desegin zenean, Negu Gorriak rock taldea sortu zuen berriro, Iñigorekin, Kaki Arkarazorekin, Mikel Txopeitiarekin eta Mikel Anestesiarekin batera. Taldea 1990eko hamarkadako eszenako garrantzitsuenetarikoa izan zen.
Negu Gorriak-en desegitearen ondoren bakarkako ibilbideari ekin zion Muguruzak, reggae eta dub-a oinarri hartuz eta erritmo latindarrak, rock, hip hop, funk, soul eta drum and basseko elementuekin fusio estiloa nahastuz.
Sarrerak, asteartean salgai
Besteak beste, Manu Chao, Banda Bassotti, Amparanoia, Tijuana No!, Albert Pla, Zebda, Desorden Público, Reincidentes, Angelo Moore, Refree, Obrint Pas, El Columpio Asesino, Peret edota hamarnaka artistekin kolaboratu du lau hamarkada hauetan zehar.
Horrez gain, azken urteetan zinema eta dokumentalgintzaren munduan aritutakoa da Muguruza, eta gai sozialak jorratzen dituzten hamaika lan sortu ditu, besteak beste, Al Jazeera katearentzat arabiar musikari buruzko hamaika dokumental biltzen dituen ‘Next Music Station’ (2011), ‘NOLA? Irun meets New Orleans’ dokumentala (2015), ‘Black is Beltza’ (2018) eta ‘Black is Beltza II: Ainhoa’ (2022) animazio-filmak, edota berriki aurkeztu duen ‘BIDASOA 2018-2023’ dokumentala (2023), besteak beste.
Muguruzak eskainiko duen kontzertu berrirako sarrerak ostegun honetan, apirilaren 25ean, jarriko dira salgai, 10:00etatik aurrera, www.muguruzafm.eus webgunean.