uriartedesign-ek
sortutako webgunea
uriartedesign-ek sortutako webgunea
Fermin Muguruza New Orleans Basque Orkestra zuzeneko emanaldiak 2016
Iaz bete ziren 30 urte Kortatuk bere lehen diskoa argitaratu zuenetik, eta urteurrenaren aitzakian Fermin Muguruza New Orleansera abiatu zen, bertako musikaren xarmak erakarrita eta jakitun zelako Katrinaren tragediatik hamar urtera hiria errebeldiaren eta komunitate-senaren eredu bihurtua zela. Eta hura guztia jasotzeko, “NOLA?” film dokumentala egitea erabaki zuen, eta beraren soinu-banda “Irun meets New Orleans” diskoan biltzea. Kantak eta protagonistek kontatzen dituztenak uztartuta daude kontakizunean, eta hala, musika, narrazioaren beste pertsonaia bat gehiago bihurtzen da.
Muguruzak bere ibilbide musikal anitzeko kanta adierazgarriak aukeratu zituen bildumarako: Kortatu-ren kanta bi, beste bi Negu Gorriak-enak, bakarlari aroko pare bat, azken urteetan sortu eta oraindik argitara gabeko beste bi, eta Louisianako Estatuko hiri nagusiko klasiko bi.
Lana argitaratu ondoren, Bartzelonako Arts Santa Monica Kulturguneak gonbidapena luzatu zion Fermin Muguruzari BLACK IS BELTZA erakusketa bertan ikusgai egongo den bitartean (aurtengo ekainaren 21etik uztailaren 31ra) berak ere hantxe hiru asteko egotaldia egin zezan. Muguruzak eskaintza onartu eta Kulturgune berean operazio-zentroa ezarriko du ekainaren 21etik uztailaren 10era. Aldi horretan, erakusketarekin batera, beste hainbat ekimen burutuko ditu, eta diskoaren grabazioan parte hartu zuten musikari neworleanstarretako batzuk ere ekarriko ditu gonbidatuta, bere ohiko musikariekin batera NEW ORLEANS BASQUE ORKESTRA eratzeko.
Hala ba, 12 musikarik osatutako orkestra honek bost kontzertu emango ditu, non Muguruzaren “NOLA? Irun meets New Orleans” azken laneko kantuez gain, bidegabekeriaren eta pentsamenduaren zentsuraren aurka, herrien askatasunaren alde eta bizitza ospatzen gogotik diharduen ideien kontrabandista honen beste hainbat ereserki joko baitituzte.
Bildu hadi heu ere Muguruza Marching Bandaren bigarren lerrora! Hartu parte FERMIN MUGURUZA NEW ORLEANS BASQUE ORKESTRAren kontzertu historikoetan.
FERMIN MUGURUZA NEW ORLEANS BASQUE ORKESTRA
MUSIKARI ZERRENDA/LINE UP
Fermin Muguruza: Ahotsa / Voice
Chrishira Perrier: Ahotsak / Backing vocals
Jonathan Freilich: Gitarra /Guitar
Paul Thibodeaux: Bateria / Drums
Ashlin Parker: Tronpeta / Trumpet
Robert Walker: Tronboia / Trombone
Devon Taylor: Tuba / Tuba
Victor Navarrete: Baxua / Bass
Mikel Azpiroz: Teklatuak / Keyboards
Gerard Casajús: Perkusioa / Percusions
Igor Ruiz “Fino”: Saxoa / Sax
Aritz Lonbide “Lonbi”: Tronpeta / Trumpet
Uztailaren 1, 2 eta 3an izanen da aurtengo EHZ Festibala. Sorgin zelaian, gurea asma lelopean, burujabetza izanen dute ardatz ondoko urteetan.
2016ko edizioaren prestaketak abiatu ditu EHZ Festibalak. Iazkoa “ekonomikoki eta moralki” arrakasta bat izan zela diote, eta, beraz, aitzina segitzeko “erabaki kolektiboa” hartu dutela. “Proposamen artistiko eta kulturala berrikusiz eta diziplinen arteko gurutzaketa indartuz iaz hartu genuen bihurgunearen ondotik, ildo beretik segitzeko xedea dugu aurten ere, gure proiektua sendotuz” adierazi du Pauline Guelle, elkarteko bozeramaileak. Deskubritzea, konferentziak, kontzertuak eta ikusgarrien gurutzaketa izanen ditu ardatz aurtengo festibalak.
Programazioaren lehen aleak ere iragarri dituzte. Fermin Muguruzak, bere proiektu berria aurkeztuko du New Orleanseko doinuak Lekornera eramanez. Rock stoner estiloan ari den Alemaniako Kadavar taldeak ere Garroako taula gaina zapalduko du, eta azkenik, Mungiako Belako taldeak Hamen lan berria aurkeztuko du. Ikusgarri andana ere izanen da urtero bezala, horien artean King Size akrobazia, eta Christophe Paviaren orrazkera tailerra -7 minutuan pertsona bat itxuraldatzea hitz ematen du-. Eztabaida gunean Bretainiako Notre-Dame-des-Landes herriko aireportuaren kontra borrokatzen den ZAD gune autogestionatuko kideek hartuko dute hitza. EHZko kide batzuk beraiekin egon ziren ZADean, orain haiek datoz Euskal Herrira, eta EHZkoekin batera bertako eragileak ezagutzeko bira bat eginen dute. Txikienentzako aktibitate andana ere izanen da hiru egunetan. Horietako batzuentzat izena eman beharko denez, laster argitaratuko dute informazio guzia webgunean.
Burujabetzaren bidean
XX. urtearen koxka gainditurik, burujabetza izanen da ondoko urteetako festibalaren ardatz. Antolatzaileek esplikatu dute bi zentzutan ulertzen dutela burujabetzaren ideia: Zapalkuntzarik gabeko Euskal Herri aske baten aldeko lana eta askapen soziala. “Festibalan sorkuntza leku baten, gogoeta leku baten, eta ekintza sozialerako gune baten plantan ematean oinarritzen da gure engaiamendua. Elikadura burujabetza, autodefentsa feminista, gogoetarako gomita, kultur sorkuntza, No Logo desmartxa, artista engaiatuak, laguntzailegoa; horiek dira kolektibo burujabe egiten gaituzten elementuetako batzuk” azaldu du Jon Irazabal EHZko kideak.
Sorgin zelaian, gurea asma lemak irudikatuko du burujabetzaren ideian egin duten hautua. Guellek esplikatu du lemari eman dioten zentzua: “Sorgin zelaia, hiru egunez gureganatzen dugun Garroko eremua da. Sorginak aldiz, guhaur; askatasun gosez gauden genero gabeko sorgin zapalduak”. Eremu hori esperimentazio gune bilakatu dute azken urteetan; bertan “asmatzen” segitzeko xedearekin jarraitzen dutela azpimarratu du.
Prezio apalagoak aurten
XXI. edizioarentzat prezio politika egokitzea erabaki du EHZk, “bere baloreekin bat eginez”; prezio guziak apaldu ditu. Programazio osoa iritsi bitartean 45€an eskuratzen ahalko da hiru egunetako sarrera, aurresalmentan 50€an eta lekuan berean 60€an. Eskaintza berezia ere izanen da gaurtik aitzina, lehen 100 lekuak 40€ eskainiko dituztelako. “Eskainntza kultural eta artistikoa ahal bezainbat jenderi zabaltzea da helburua” Irazabalen arabera. Igandeko egunaren sarrera ere merkeago izanen da aurten: 10€an izanen da aurresalmentan eta 12€ lekuan berean.
Hurrengo bi hitzordu ere aurkeztu dituzte gaurko agerraldian. Martxoaren 18an JP Lohian & Klonen Klana eta Petra taldeak arituko dira Atabalen, eta Martxoaren 23an Hegalaldia kontzertu atipikoen bigarren alea izanen da Sarako Ihartze Artea etxean; Micah P. Hinson estatu batuarra etaa Anari arituko dira. Biak ala biak, EHZk eta Atabalek elkarlanean antolatu dituzte.
Katrina Urakanak New Orleans hirian eragin zuen suntsiketaren hamargarren urteurrena betetzen den honetan, Euskadiko Filmategiak Katrinak eragindako ondorio latzak ederki erakusten dituzten filmeen zikloa antolatu du abenduaren 3tik 18ra Donostian eta Bilbon. Tabakalera eta Azkuna Zentroa dira ziklo honen antolaketaren laguntzaileak. Halaber, Fermin Muguruza izango da ziklo honetako aholkularia.
2005eko abuztuaren bukaeran, Katrina Urakanak 1.833 hildako utzi zituen Amerikako Estatu Batuetako hego-ekialdean. 100.000 etxe gelditu ziren ur azpian eta New Orleanseko biztanleriaren %80ak bere etxebizitza utzi behar izan zuen. Naturak eragindako suntsiketaz gain, Bush presidentearen administrazioaren gaitasun eza (hilabete batzuen ondoren egindako hainbat akats onartu behar izan zituen presidenteak) pairatu behar izan zituzten herritarrek. Duela gutxi zendutako Allen Toussaint musikariak esan zuenez: “Gauza ikaragarriak ikusi nituen. Baina baita ere borondate oneko ekintza ugari (…). Jende askok modu ederrean erreakzionatu zuen gainontzekiko, beste toki askotatik etorri zen jendea gu laguntzera. Eta horrek lasaitu ninduen”.
Azala haragira itsatsita dagoen moduan, zinemak errealitatera itsasteko duen gaitasuna egia bada, New Orleansen eta Katrinaren kasuak adibide ederrak dira. Zenbait zinemagile ospetsuk haien kamerak hartu zituzten eta bertan gertatu zena kontatzera hurbildu ziren. Spike Lee izan zen lehendabizikoa HBOrentzat egindako ezinbesteko dokumental batekin, When the levees broke (2006). Ondoren Trouble the water (2008) txundigarriarekin iritsi ziren Carl Deal eta Tia Lessin. Aaron Walker, berriz, Katrinaren aurreko eta ondorengo ikuspegi antropologikoetan murgildu zen Bury the hatchet (2009) filmarekin.
Katrina, hamar urte ondoren zikloa laburra baina trinkoa da. Gainera, gure arteko baten begiradarekin New Orleansera hurbiltzeko aukera izango dugu: Fermin Muguruzarekin, hain zuzen. Zikloan estreinatuko duen NOLA? filmak, bertako kultura musikal izugarriari omenaldia da, 2005eko suntsiketari bistarik kendu gabe. Zinemari esker, historia hura ez du haizeak eramango.
uriartedesign-ek
sortutako webgunea
uriartedesign-ek sortutako webgunea
Pribatutasun politika eguneratu dugu datuen babeserako legedia berriagatik, eta gardentasunarekin dugun konpromisoagatik. Ez dugu aldatu zure datuak erabiltzeko eta konpartitzeko modua, baina uste dugu jakin behar duzula zure zein datu jasotzen ditugun, nola tratatzen ditugun eta zein aukera eta kontrol duzun. Ezarri cookie-akCOOKIE-AK UKATUGUZTIA ONARTU