Naiz ➝
Ostiral honetan iritsiko da “Black is Beltza II: Ainhoa”, Fermin Muguruzaren filma, zinema-aretoetara. Zinemaldiko sold outaren ostean, eta Belodromoko estreinaldi festa gogoan, hego Euskal Herriko areto komertzialetara iritsiko da.
Lau urteko lanaren ostean, ‘Black is Beltzaren II: Ainhoa’ pantaila handian ikusteko aukera dugu jada. Fermin Muguruzaren filma ostiral honetatik aurrera zinema aretoetan izango da.
Donostiako Zinemaldia filmaren aurkezpenak egiteko baliatu du Muguruzak. Bai, pluralean, hainbat izan dira zinema-jaialdiak iraun bitartean egindako prentsaurrekoak eta elkarrizketak, Ainhoa filmak, gauza asko baititu nabarmentzeko. Donostiako Kursal aurrean dagoen NAIZ gunean aurkeztu ziren filmeko soinu-banda eta filma bera.
‘Mursegok’ egin du filmaren jatorrizko musika eta, horrekin batera, beste hamaika talderen kantu eta bertsio bereziak entzun ahalko dira filmean. Zalantzarik gabe, melodiek lagunduko dute Ainhoa protagonista denboran atzera egin eta memoria-ariketa egiten: 80ko hamarkadako Euskal Herrira, Afganistan edota Kubara bidaia berezi bat proposatzen batu filmak.
Oraingoz Hego Euskal Herrian ikusi ahal izango da filma. Donostia, Irun, Orereta, Eibar, Ordizia, Arrasate, Beasain, Elgoibar, Zumaia, Bilbo, Basauri, Getxo, Durango, Mungia, Portugal, Gernika, Gasteiz, Etxabarri Ibina, Iruñea eta Lizarran egonen da filma ikusteko aukera. Ipar Euskal Herrira noiz iritsiko den oraindik ez da zehaztu.