Berria ➝
Berea jazarpen baten historia dela argi du Fermin Muguruzak. Zentsurari hortzak erakustearren, «kultura gehiagorekin» erantzungo duela agindu du.
2013az geroztik ez du kontzertu handirik eskaini Fermin Muguruzak (Irun, Gipuzkoa, 1963), ez behintzat bere bandarekin, han-hemenka eginiko kolaborazioak eta parte hartzeak ugariak izanagatik ere. Haren sormenerako lehen habia du musika; eszenatokia mundu, eta oholtza toki natural. Anaia Iñigo beti gogoan, 40 urte luzeko ibilbidea eta ondarea aldarrikatzera dator, harro.
Hasieran, uztailaren 7an zinen abenduaren 20ko kontzertuaren berri ematekoa. Ordea, zure urtebetetze egunera aurreratu duzu azkenerako. Nolatan?
Azken hilabeteetan latzak gertatu direlako. Denetan latzena Valentzian gertatutakoa izan da; institutu bateko zuzendaria eta zuzendaritza batzordeko beste bost irakasle epaitegira eraman dituzte deklaratzera, zer eta nire omenez egindako horma irudi artistiko bat zintzilikatzeagatik. Nik ez dut inolako salaketarik ez kausarik, baina nire bizitza artistikoaren eta nire irudiaren aurkako erasoa etengabea da. Terrorismoa goraipatzea leporatzen diete, eta urtebete eta hiru urte arteko kartzela zigorra ezar dakieke. Oraindik ez da epairik atera, baina batzuek esan dute zenbat eta luzeago jo, orduan eta okerragoa izan litekeela. Libratuko balira, udaleko errejidorea inputatuko luketela ere entzun dut; institutua publikoa izaki, horma irudia jartzeko baimena emateagatik. Helarazi didate oso gaizki pasatzen ari direla, eta, kargurik gabe aterako balira ere, okerra egina dago, zuzendari izateko curriculum garbi-garbia behar izaten delako, eta postu horretan jarraitzea galaraziko lieketelako. Elkartasun osoa erakutsi nien sareetan. Kultura gehiagorekin erantzungo geniela esan nien.
«Nik ez dut inolako salaketarik, ez kausarik, baina nire bizitza artistikoaren eta nire irudiaren aurkako erasoa etengabea da».
Eta, gero, Itziar Ituñoren aurka hasi ziren berriz.
Une honetan gehien miresten dudan pertsona da Itziar Ituño. Sekulako egurra eman zioten presoen aldeko manifestazioan parte hartzeagatik, eta, halere, sari bat jasotzera joan, saria niri eskaini, eta Sarri, sarri kantatu, gainera. Hori irmotasuna! Hori bai eredugarria! Sekulako indarra eman zidan aurrera egiteko. Egun haietan Bidaso aldean zebilen grabaketan, eta bisita egin zidan. Iskiña tabernara eraman nuen, Sarri, sarri grabatu genuen tokira, eta argazki bat atera genuen, esanez bezala: Hemen gaude, eta «kriston martxa dabil!».
«Ituño Sarri, sarri grabatu genuen tokira eraman nuen, eta argazki bat atera genuen, esanez bezala: Hemen gaude, eta ‘kriston martxa dabil!’».
Biharamunean, Poitiersen ginela, Athleticen mobidako bideoak igorri zizkidaten; Elektrotxarangaren kantuak, besteak beste. Eta, berriro ere, jo eta su La Razón. Orduantxe erabaki nuen apirilaren 20an iragarriko nuela nire ibilbide osoko kontzertua, ezin zela uztailaren 7ra arte itxaron. Mahukakoei ez nien aukera handirik eman, egia esan; erabakia hartuta zegoen. Alboan Berria eta Gara nahi nituela ere, erabakita. Negu Gorriak-en garaian Egin eta Egunkaria izan genituen moduan. Esan Ozenki diskoetxearen logoa ere sartu dut, omenaldi gisa, Galindok hondoratu egin nahi izan zuelako, baina ez zuelako lortu. Sekulako festa izango da.
Indartsu zaude gero.
Indartsu sentitzen naiz, baina orain. Goya sarietan egurra, gero Valentziakoa, Ituñori gertatutakoa, Palestinakoa… Handik Dam taldea ekarri nuen, eta elkarrekin pasatutako lau egunak oso gogorrak izan ziren, lehertuta baitzeuden. Palestinaren aldeko manifestaziora joan, eta, une batean pankarta hartu nuenean, «Aupa Fermin, ez etsi!» esaten zidan jendeak. Eta, hain zuzen, hori da gakoa, ezin da etsi.