Website created by:
uriartedesign
uriartedesign
Website created by: uriartedesign
Berria ➝
Aktualitatea eta gizarte gaiak jorratzeko, ETB1ek programa berri bat estreinatuko du gaur (22:15). Orio Produkzioak ekoiztetxeak egingo du, zuzenean, Miramongo estudioetan (Donostia). Herritarren ahotan dabiltzan gaiak landuko dituzte eztabaidetan eta elkarrizketetan. Bi solasaldi mahai izango dituzte: batean, aktualitatea jorratuko dute adituekin; bestean, adin, genero eta profil desberdinetako herritarrak batuko dituzte. Bigarren tarte hori lekukotzekin, inkestekin eta erreportaje laburrekin ere osatuko dute.
Klaudio Landak aurkeztuko du 11 Entzuteko izeneko saio berria. Ez da lehen aldia Landak ETBko eztabaida saio bat aurkezten duena; ETB2 katean Ni más ni menos, Sin ir más lejos, Que me estás contando eta El programa de Klaudio aurkeztu ditu. ETB1en, berriz, Debatea, Egunak egin du eta Eztabaidan. Bestelako askotariko programak ere aurkeztu ditu Landak Euskal Telebistan azken bi hamarkadetan.
Programa berrian, Euskal Herriko gizartean «esanguratsua» den pertsona bat elkarrizketatuko du asteartero Landak. Gonbidatuen jardunaren ingurukoez gain, kezkatzen dituen gizarte gaiei buruz ere galdetuko zaie.
Estreinako saioan, Landak Fermin Muguruza musikari eta zinemagilea elkarrizketatuko du. FM Muguruza 1984-2024 kontzertuez hitz egingo dute, baita lau hamarkada hauetan Irunen (Gipuzkoa) jaiotako musikariak egindako bideaz eta sormen lanez ere. Abenduaren 20an eta 21ean, kontzertu bana emango du Muguruzak Bilbon —sarrerak agortuak daude—. «Herri eskaera izugarriari erantzuteko, 2025ean zer antola dezakegun aztertzen hasiko gara», esan zuen joan den astean, sarrerak minutu batean amaitu zirela eta.
ETB1en eztabaida programa bat estreinatuko dute gaur, beraz. ETB2 katean, berriz, Habitación para Dos saioa estreinatu zuten ostiralean. Bertan, elkarren artean lehian ariko dira astero hiru ostaturen jabe edo arduradunak. Gainerako lehiakideen gela, gosaria, zerbitzuak, instalazioak eta prezioa ebaluatuko dituzte, eta kalitate preziorik onena lortzen duenak 3.000 euroko saria jasoko du. Saio horretako aurkezlea Julius Bienert da. Aurreneko atalean, Aiako (Gipuzkoa) hiru ostatu izan ziren lehian. Ostiralero emango dute, 22:30ean.
ETB1 kateak, bestetik, ostiral honetatik aurrera Itxaso telesaila emango du. Fikziozko lan hori Primeran plataforman estreinatu zuten iazko irailean. Netflix ordainpeko plataforman ere ikusgai dago. Bi urte eta zortzi hilabete joan dira ETB1ek azken aldiz helduentzako telesail bat emankizun konbentzionalean emititu zuenetik.
The privacy policy has been updated due to the new data protection regulations and our commitment to transparency. Although we are not modifying the way we use and share your data, we believe that you have to be informed of your data that we collect, how we treat it and what options and control you have. Cookie SettingsReject All Accept