Web creada por:
uriartedesign
uriartedesign
Web creada por: uriartedesign
Argia ➝
Beti tendentzia eta estilo berriei so, pauso bat aurretik joan izan da zentzu horretan Muguruza panorama musikalean. Bere idealekin konprometitua, urte askoan fronteko lehen lerroan ikusi dugu, nahiz eta horrek, Kortaturekin hasi zenetik, alegia, duela 40 urtetik, Poliziaren eta eskuin muturraren jazarpen etengabea ekarri dion, irakurleak datozen lerroetan baieztatu ahal izango duen bezala: heriotza mehatxuetatik hasi, Galindo Intxaurrondoko koronelaren aurka zortzi urtez luzatu zen epaibidetik pasa eta bere aurkako atentatu saiakeraraino, batzuk aipatzearren.
Baina ez dute isildu, eta honezkero, 61 urteekin, ez dute isilduko. Azken urteak bestelako lanak egiten igaro baditu ere –komikiak, animaziozko filmak eta dokumentalak–, abenduaren amaieran bere biografiako kapitulu berri bat idazteari ekingo dio. Biarritz eta Bilbon hasiko du nazioarteko bira bat eta Donostiako Anoetan bere ibilbidearen gailurra egin asmo du. Berak dioen gisan, ez da nostalgia ariketa bat izango eta kontzertuotan esango du: “hau da ene ondasun guztia”.
Beti mugimenduan, beti eraldaketan, bere ibilbideari errepasoa eman diogu.
Irungo sarreran dagoen Lapize auzoan oroitzen dut haurtzaroa. Parean genituen lanbide heziketako Sindical eskola eta La Salle ikastetxea, eta beraz, gure etxe inguruan ikasle asko ibiltzen zen, oso bizia zen, egun osoa kalean pasatzen genuen. Dena gaztelaniaz zela oroitzen dut, jakina. Ez nekien euskara existitzen zenik ere. Txirringarekin aldapan gora eta behera ibiltzen ginen, panotxak edo artoa lapurtzera joaten ginen goian zegoen baratze batera… Oso oroitzapen politak ditut.
Ezin dut ongi oroitu 5 urte nituela gertatu zena, baina bada nire aitak beti esaten zuen eta Irungo jende heldu askok erabiltzen duen esamolde bat: Manzanas hil zutenean baino euri gehiago ari du. Euri jasa egin omen zuen egun hartan. Manzanasen hilketaren ostean, gainera, berehala hasi ziren salbuespen egoera eta atxiloketak, manifestazioak, ikasleak kalean… Hala ere, dezente beranduagoko irudiak ditut nik buruan, ikasleak protestan ikurrinarekin ateratzen zirenekoak, eta ikurrina bat ateratzeak esan nahi zuen Poliziak berehala kargatuko zuela, oihuak…
Aitari asko gustatzen zitzaion akordeoia. Berak ez zekien jotzen eta guri irakatsi nahi izan zigun. Mikel Bikondoa etortzen zen guri akordeoia irakastera, munduko txapelduna izana. Oroitzen dut, musika aldetik, seriotasuna eskatzen zigula. Musika herrikoia jo zitekeen, baina seriotasun handiz izan behar zen beti. Sekulako errefusa zion Frantziako Estatuko akordeoia jotzeko erari, bizipoz horri, berak zioen hori ez zela akordeoia jotzea. Ekialdetik zetorren musikaren kristoren eragina zuen, ekialdeko estetika eta guzti zuen, blokeak existitzen ziren garaiaz ari naiz. Joseba Tapiarekin noiz edo noiz hitz egin dut honi buruz, berak ere eskolak hartu baitzituen Bikondoarekin. Bonn-era ere joan nintzen txapelketa batera jotzera, Alemaniara, Jabier anaia zaharrarekin. Nahiz eta Mendebaldeko Alemania izan, Alemania zen, eta hor jotzeko beste moduak ikusi genituen.
Franco hil eta berehala sartu nintzen saltsan, kolpe gogorra jaso genuenean hemen. Hondarribiko jaietan Josu Zabala hil zuten 1976ko irailaren 8an, alardearen egunean. 24 urte zituen eta ikurrina bat zeraman brodatuta jakan. Manifestazioa egin zen desagertuta zegoen Pertur [Eduardo Moreno Bergaretxe] askatzeko eskatuz, “presoak kalera amnistia osoa” aldarrikatzeko, eta Guardia Zibila sartu zen hemen. Tiroka, jende piloa zauritu zuten balaz eta Josu hil. Oso gogorra izan zen denontzat. Jabier anaia zaharra hemen zegoen, eta Iñigo eta biok gurasoekin Saloun (Katalunia) geunden oporretan. Telefonoz deitu zieten eta beren artean euskaraz hitz egiten hasi zirela oroitzen dut, lehen aldiz konturatu nintzela haiek bazekitela euskaraz, amak oso gutxi, baina gai zirela hizkuntza misteriotsu batean elkarrekin hitz egiteko, guk ulertu gabe. Bueltatu egin ginen berehala. Poliziak okupatuta zuen Irun, bertan baitzen hileta. Aita manifestaziora joan zen eta gu etxe batera manifestazioa ikustera. Polizia oso bortitz sartu zen, eta gerora, amesgaiztoak izan nituen txakurrekin, jendearen eta nire atzetik korrika hasten zirela. Ikusi nuena trauma bat bezala geratu zitzaidan.
Hurrengo urtean militatzen hasi nintzen. Aurre-militantzia deitzen zena Gazte Abertzale Iraultzailea (GAI) izeneko mugimendu batean egin nuen, nahiko joera libertarioa zuen gazte mugimendua. Taldean sartu ginenean, Marta Harnecker-en liburu guztiak irakurriak genituenean, desegin egin zen. Irunen gazte piloa geunden, eta berehala esan ziguten KAS Gazteriak antolatu behar genuela, herriz herri ari zirela taldeak sortzen. Hala egin eta lehen kongresura joan ginenean gerora Jarrai izango zena sortzera, gure ponentziak ez ziren onartu. Batez ere bi puntu jotzen genituen garrantzitsuak: bat, soldaduskarik ez, intsumisioa; eta bi, droga guztien legalizazioa. Ez ziren onartuak izan eta atera egin ginen. Hiru talde ginen Irunen eta batek jarraitu zuen. Orduan, Komite Antinuklearretan sartu nintzen.
Hondarribiko institutuan ibili aurretik, urtebete egin nuen Donostian, Loiola auzoko La Salle ikastetxean. Han nengoela, María José Bravorena gertatu zen. Bortxatu eta hil egin zuten Batallón Vasco Españolekoek (BVE), eta bere bikotea jipoitu eta betirako oso larri utzi zuten Loiolan. Izugarria izan zen, 16 urte zituen eta adin berdintsua genuen. Gaztea zarenean, horrek markatu egiten zaitu. Oroitzen dut Boulevardera joan ginela manifestazioa egitera, eta esan zigutela, “ikasleak joan pankartarekin”. Joan ginen aurrean eta fua. Polizia berehala etorri zen kargatzera, gu korrika atera ginen eta gure atzetik zetozenek aurre egiten zieten amorruz. Hiri gerrillaren dantzaren inguruan ditudan oroitzapenak oso indartsuak dira eta harrotasun handiz esan dezaket behar-beharrezkoa zela. Detaile hori kontatu dizut, baina beste hamaika mila gertaera bizi izan ditugu. “Egunez uniformatuak, gauez inkontrolatuak”, egiten genuen oihu eta hala zen. Frogatu da, ez soilik Euskal Herrian, beti militarrak edo guardia zibilak inplikatuta ibili direla eskuin muturrean, begira Lucrecia [Pérez] edo Carlos Palominorena.
1983 arte frankismotik zetorren BVE eta beste taldeak ibiltzen ziren izua zabaltzen. Ondoren, egitura eta mertzenario berak erabiliz, PSOErekin estatu terrorismoa praktikatzeko GAL sortu zuten. Oroitzen dut Santi Brouarden hilketa, adibidez, izugarrizko kolpea izan zela. Brouardek karisma handia zuen. Behin Kortatu abian zela gertatu zen. 1984ko ekainean atera genuen maketa, eta azaroaren 20an hil zuten. Horrez gain, Iparraldera joan ginen lehen aldian, [Xabier] Galdeano hil zuten. Guk soinu probak egin ostean jakin genuen eta oroitzen dut bere alaba guregana etortzen, esanez: “Kontzertua egin behar da”. Hori eta gero Mombar hotelekoa gertatu zitzaidan niri [Fermin Muguruza GALek hil zituen lau errefuxiaturekin zegoen Baiona Ttipian, eta minutu gutxi lehenago ondoko taberna batera joan zelako salbatu zen]. Horrelako gauzak bizitzen hasten zarenean… Imajina ezazu zenbat kolpe.
Borroka armatua ere aipatu didazu eta denbora lerroan nahiko ongi definituta dut, 1979an, guk 16 urte genituenean, bazela mugimendu eta eztabaida indartsua Ezker Abertzalean ea borroka armatua utzi behar zen ala ez. Orduan, adibidez, polimiliek [ETA pm] utzi egin zuten. Bazen talde bat, horien artean Sabino Ormazabal, Gladys del Estalen koadrilakoa, esaten zuena borroka armatuak ez zuela biderik, bestela borrokatu behar zela, desobedientzia zibila medio, eta antolatuta geundenez, hori egin behar genuela. Beraiek izan ziren, Tuteran geundenean, zubira joan zirenak eta esan zutenak: “Ez hasi harriak botatzen, zubia moztuko dugu eta gu jipoitzen bagaituzte, jipoituko gaituzte, baina guk hemen jarraituko dugu”. Eta lehen lerroan jarri ziren. Guardia Zibila hurbildu zen eta buruan tiro egin zioten Gladysi. Hori guretzat izugarrizko irakaspena izan zen eta esan genuen: ez dago biderik horretarako, borroka armaturako dago bidea, bestela, akabatu egingo gaituzte.
Nik 18 urte bete nituenean The Clash etorri zen Donostiako Belodromora eta aldi berean, IRAren gose greba hasi zen, Bobby Sands buru zuena, hamar hildako utzi zituena. Hildakoen izenak eta guzti genekizkien. Oroitzen dut Hondarribiko institutuan geundela garai hartan eta preso bat hiltzen zen bakoitzean institututik manifestazioan ateratzen ginela. Gauza horiek markatzen zaituzte eta gerora egingo duzunean eragina dute.
Oso intentsua. Gu baino lehen hasi zen Vómito Social, nire lagun min Victor Perezen taldea, gero gu eta Anti Régimen hasi ginen, gero Baldin Bada, Bolingas Anónimos… Talde pila zeuden Irunen eta hiriko lurrikararen epizentroa hemen zegoen, Mosku plazan. Kalean bizi ginen eta hemen elkartzen ginen denok, elkarrekin ibiltzen ginen. Kortaturen garaian, oso garbi nuen furgonetan sartu eta mugitu egin behar ginela, edozein tokitara joan. Oso lo gutxi egiten genuen, alde batetik, nik berez lo gutxi egiten nuelako, eta gero, noski, anfetaminaren eraginez. Egunak egoten ginen lo egin gabe; areago, batzuetan oso urrun kontzertu bat eman eta jarraian etortzen ginen etxera musika entzunez, isildu gabe hizketan… intentsitate handia zegoela oroitzen dut.
Nola bizi ginen erakusten duen adibide bat jarriko dizut. Hondarribian arrantzaleek greba egin zuten eta bi kai-muturrak itxi zituzten. “Hemen arrantzale pilo bat daude, zer egingo dugu?”, galdetu eta erantzuna zen: “Goazen gaztetxera arrantzaleen alde kontzertu bat egitera”. Horrela ibiltzen ginen. Okupatzen ziren gaztetxeak herriz herri eta gu hor geunden, joan eta jotzeko prest beti. Honela, jende pila ezagutu genuen, herri bakoitzeko idiosinkrasia, herri bakoitzeko gazte asanblada, bakoitzaren problematika, irrati libreak eta fanzineak sortzen lagundu…
«Okupatzen ziren gaztetxeak herriz herri eta gu hor geunden, joan eta jotzeko prest beti»
Berehala hasi ginen Iparraldera jotzen, handik Frantziako Estatura eta gero Suitzara, Alemaniara eta Holandara; eta hegoalderantz, Espainiako Estatura. Sekulako irakaspenak jaso genituen. Bartzelonan, adibidez, hardcorearen inguruan zegoen oso mugimendu indartsua ezagutu genuen eta Madrilgo “gerri gorrian” nola ari ziren mugimendu antifaxista antolatzen. Politikan ezagutzen genuen zer zen antolakuntza eta borroka, baina gero ezagutu genuen zer zen hori musikaren munduan. Frantziako Estatuan ikusi genuen hori diskoetxe independenteekin. Eta Holandara joan ginenean, The EX taldea ezagutu genuen. Diskoetxe independente baten taldea zen, baina beste talde askoren lanak kaleratzen zituzten. Inspirazioa izan ziren gero Esan Ozenki egiteko. Beren etxean egon ginen, elkarrekin bizi ziren, estudioa zuten, almazena, gonbidatuentzat tokia, entseatzeko… asko flipatzen genuen. Beraz, bost urte horietan zer egin genuen? Ikasi, borrokan egon, saltsa guztietan sartu, kantuak idatzi, kontzertuak eman, musika entzun…
Bai. Kristoren koadrila ginen, auzoan geunden, eta auzoak ez du pribilegiorik onartzen. Anekdota barregarri bat kontatuko dizut. Diskoteka batera joaten ginen Irungo Calle de la Mierda-n eta ez ziguten inoiz sartzen uzten. Atean bi matoi egoten ziren, bazekiten egurra partitzen eta gu, badaezpada, oso bizkor ezkutatzen ginen. Baina funtsezkoa, ez ziguten sartzen uzten. Eta joan ginen batean, diskotekan Kortaturen musika jarria zeukatela entzuten genuen kanpotik. Esan genien, “ei! gure musika ari zarete jartzen, gu gara”, baina ez ziguten sinisten eta pikutara bidali gintuzten.
Hau da, ez zitzaigun “uau, ze famatuak garen” hori gehiegi igo burura, batez ere, talde askorekin aritzen ginelako jotzen. Gu hasiberritan La Pollakoek Galiziara eta Barrikadakoek Madrilera eraman gintuzten, eta guk ondorengoei bidea egiten laguntzen genien.
«Poliziaren eta eskuin muturraren mehatxuaren kontzientzia hartzen batez ere 1990eko hamarkadan hasi ginen, Galindoren salaketarekin. Baina aurretik gu indartsu gindoazen aurrera».
Hori batez ere 1990eko hamarkadan etorri zen, Galindoren salaketarekin. Hor kontzientzia hartzen hasi ginen. Baina aurretik gu indartsu gindoazen aurrera. Begira zer gertatu zitzaigun 1986an, ez dut sekula kontatu. Iñigo [Muguruza] Hendaian bizi zen, muga erabat militarizatuta zegoen garaian: jendarmeak, PAF, Espainiako Polizia eta Guardia Zibila egoten ziren zubian. Moskuko jaietan kontzertua eman behar genuen egunean, muga pasatzean biluztu eta umiliatu egin zuten. Denbora pila izan zuten atxikita eta amaitzean esan zioten: “Benga, ospa hemendik eta zoaz orain zure anaiarengana esatera eskaintzeko guri, beti bezala, Jimmy Jazz, han izango garela”. Plaza goraino beteta zegoen eta Iñigok, normala denez, akabatu egin nahi zituen, sututa zegoen, ulertu behar da zer nolako gorrotoa genien poliziei –horretan bat egiten genuen talde guztiok, denok genituen kantuak beren aurka; haiek gorrotatzen gintuzten eta guk haiek–. Agertokira igo nintzen eta hasi nintzen: “putaseme guzti horientzako, txakurrak, esan digute etorriko direla eta hemen daude, kontuz, zuentzako da hau… Jimmy Jazz!”. Seguru hor zeudela, baina hasi zerbait egiten… pistola ateratzen baduzu sarraski bat eragingo duzu, baina ez zara bizirik aterako. Imajinatu zein zen giroa Euskal Herrian 1980eko hamarkadan. Gogorra zen. Eta gainera, anfetamina beldurraren deshinibidore bat da, eta nik uste horrek ere eragiten zuela nola ateratzen ginen agertokira, edo inkontzientzia, edo gaztetasuna… eta Hertzainak-ek esaten zuen bezala: “estatuari gerra, gerra beti”.
Beste anekdota bat kontatuko dizut: Aurreko urtean, 1985ean, Sarriren ihesaldiaren aurretik Martutenen jo genuen. Kartzelan Irungo [Joxe Mari] Neketan zegoen eta handik hilabete gutxira atera zen. Moskuko jaietan lehen aldiz jo genuenean, kontzertua berari eskaini genion. Kontzertu hartan norbaitek gainera, Espainiako bandera erre zuen agertokian, eta handik bi egunera, [eskuin muturreko] El Alcázar egunkarian Kortaturen aurkako kristoren artikulua atera zuten. Hori izan zen gure lehen kriminalizazio esperientzia. Eta ondoren zer gertatu zen? Bizilagunen elkarteko buruari kontrabandoan-edo zebilen guardia zibil batek abisatu ziola, “aizu, zure bila doaz”. Bilili, mitiko bat, astebete egon zen mendian ezkutatuta. Itzuli zenean Guardia Zibila oraindik bere bila zebilen gertatutakoaren erantzukizuna egotzi nahi ziotelako norbaiti. Azkenean, abokatu batekin aurkeztu zuen bere burua, bestela, hasteko, sekulako jipoia emango baitzioten. Hori 1985ean zen, imajinatu zer nolako gerratan bizi ginen.
Mundu bat irabazi dut, mundu bat bildu, Big Beñaten abesten genuen bezala. Ikasketa AEKn egin genuen euskara berreskuratzeko mugimendu kultural oso aberats baten erdian. Korrika asmatu zen, muga igarotzen genuen orain etorkinak pasa diren bezala, “ez ez ez, mugarik ez” oihu egiten genuen bitartean karneta erakutsi gabe –garai haietan, hasieran pasaportea eta gero NAN-a erakutsi behar izaten genuen–. Horrez gain, euskarak eman dit irakurtzeko, hitz egiteko, hitzak bilatzeko, hitzak asmatzeko… gaitasun handia. Bat-batean deskubritzeko casquillo de bala euskaraz balazalak esaten dela. Euskararekin harrotzen zara. Horrez gain, esan nahi dut gaztelania ere asko maite dudala, baita ikasi ditudan beste hizkuntza guztiak ere: frantsesa, ingelesa eta katalana. Denek eman didate asko, baina euskarak eman dit nire hizkuntza izateko harrotasuna, izan dezakezun harrotasunik handienetakoa. Kendu ziguten eta berreskuratu egin genuen, gure kasuan gu baikinen katebegi galdua, eta gerora, nire seme-alabek nire aitarekin naturaltasunez hitz egin dute euskaraz. Hori garaipena izan zen.
Haserretu egiten naiz, niretzako oso mingarria da. Erdaraz abesteko hautua egiten duten musikariek, denak euskaldunak izanda, talka kulturala eragiten dute, culture shock esaten dena. Nola da posible? Ez dut ulertzen. Hizkuntza berreskuratzeko izugarrizko ahalegina egin zuen belaunalditik nator, koadrila osoa euskaldundu ginen, gure arteko txantxak, txorakeriak eta dena gaztelaniatik euskarara aldatu egin genituen. Horrekin lotuta, Negu Gorriakekin adibidez, furgonetan giro zoragarria genuen. Iñigo eta biok euskaldun berriak ginen, Mikel Txopeitia eta Jitu ere ikasten ari ziren. Eta gurekin genituen Mikel Anestesia euskaldun zahar zarauztarra, euskara zoragarriarekin, eta Kaki, eruditua euskara aldetik. Denbora guztian gu laguntzen aritzen ziren gauzak nola adierazi hobeto euskaraz. Furgonetan hitz eta pitz joaten ginen eta esaldiren bat ez bazitzaigun ateratzen Kakik klase magistralak ematen zizkigun. Gainera, Kaki eta Mikel beren artean hika aritzen ziren… gehiegi guretzat!
«Haserretu egiten naiz musikari euskaldunak erdaraz abesten entzutean, talka kulturala eragiten dute eta niretzat oso mingarria da».
Hala ere, iruditzen zait sedukziorako estrategia batzuk ere garatu behar ditugula, bestela gertatzen da, niri gertatzen zaidana nire semearen koadrilarekin. Ni ailegatu eta: “Zer? Ez dakizue euskaraz ala? Zer ari zarete?”, bota izan diet askotan, eta beno, hor ere ulertu behar duzu haiek momentu horretan gaztelania edo frantsesa ikasi nahi dutela, hainbat erregistro faltan bota dituztelako.
Hurrengo belaunaldikoak ziren Galder [Izagirre], Xabi Strubell eta Joseba Ponce, euskaltzale amorratuak eta oso garbi zuten. Ikusten genituen gustatzen ez zitzaizkigun zenbait joera eta horregatik erabaki genuen esatea: euskalduna bazara, hitz egidazu euskaraz. Eta bai, kezkatzen nau. Euskaldunen koadrila oso bat ikusten dudanean denak gaztelaniaz ari direla, kolpea ematen dit, baina pentsatzen dut “laster berreskuratuko dute kontzientzia”. Eta bestela, hurrengo belaunaldiak egurra emango die, hau ziklikoa baita.
Hala ere, orain gutxi Iruñeko fenomeno musikalak eztabaida handia eragin du, beraien adierazteko eragatik, Chill Mafiarekin eta abar. Oso interesgarria iruditu zitzaidan, euskarari gerta zekiokeen gauzarik interesgarriena. Sarrionandiak elkarrizketa batean zioen euskal literaturak “barbaroak etortzea” behar duela eta nik hori metaforikoki hartu eta pentsatu nuen: iritsi dira musikara barbaroak. Behar-beharrezkoa iruditu zitzaidan, nahastu egiten dutelako esamolde ezberdinekin, gaztelaniazko jerga ere bai, asmatu egiten zituzten hitzak… eta horrekin jende berria erakarri. Jon Urzelaik Su festak liburuan dioen bezala, beste berniz bat eman zioten euskarari. Edo Hofferekin berdin, berak kolaborazioetan euskara eta gaztelania nahasten ditu. Desiratzen nago ikusteko ea berak ere noiz egiten duen Kortaturekin egin genuen bidea. Berak abantaila dauka gainera: badaki euskaraz.
Ez da Kortaturen amaieran bakarrik izan, konstante bat izan da. Elkarrizketa hartan hauei kontatu nien zama bat zela hori guretzat, baina tira, hori kudeatzen ere ikasi dugu. Ikasi dut ezetz esaten. Kontzertuen eskaerekin berdin, baita guk bira iragarria dugunean ere, hartuta ditugun egun batzuetan. “Nahi dugu ez dakit zer egunetan ez dakit zeren alde jotzera etortzea zu edo Manu Chao”, esan didate berriki. Orain barre egiten diot horri, baina lehen oso gaizki hartzen nuen. Momentu horretan zenbait jende nahastu egiten zen eta mobida guztietan egon arren, nonbaitera ez baginen joaten gaizki hartzen zuen. Talde gazteei ere gertatuko zaie ziur, baina espero dut beste ulermen mota bat egongo dela egun eta jendea ez dela hain buru karratua izango.
Hasteko, independentzia lortu genuen. Jendeak sentitzen zuen Kortatu herriarena zela, eta bai, hala zen, baina handik aurrera guk agindu behar genuen gure proiektuan. Guk argi genuen: nahi duguna eta gure moduan antolatuko dugu, bestela ez dugu egingo. Eta behar dugun moduan. Toki batean 5.000 pertsona etorriko direla ikusten badugu, 5.000 pertsonarentzako ekipoa eskatuko dugu. Ikusten genuen oso ongi kalkulatzen zirela barraren metroak, baina jende horrek guztiak merezi zuen errespetua, musika entzutera zihoalako, behar zen musika ekipoa eta abar eskaintzea, kosta egiten zitzaien. Hor eskola bat sortu genuen eta eskola horren ondorioz, adibidez, hasi ginen gauzak antolatzen laguntzen Jarrairentzat Hegoaldean eta Gazteriakentzat Iparraldean. Gero ni urte askoan aritu naiz EHZn laguntzen.
Izugarrizko harrotasuna daukat Esan Ozenkiren inguruan, nola hasi ginen taldeak ateratzen eta mundu osoan zehar zabaltzen. Gainera, Gora Herriak azpi-zigilua ere kaleratu genuen eta horren ondorioz joan etorriko zubiak eraikitzen hasi ginen: Argentinatik Todos Tus Muertos taldea etorri eta gu joaten ginen hara, Etsaiak joan ziren Mexikora, Europa osoan zehar mugitzen ziren gure taldeak, Suitzako Wemean-en edo Italiako Banda Bassottiren diskoak atera genituen…. Esan Ozenki erreferentziako zigilu bat bihurtu zen mundu osoan, horrenbesteraino, Mumia Abu-Jamal-en askatasuna eskatzeko mundu osoko taldeekin disko bikoitz bat koordinatu zutela Massive Attack-ekoek eta beraiek esan zutela disko hori Esan Ozenkirekin atera nahi zutela. Eta guk atera genuen.
Sentitzen dut ez dagoela belaunaldi espontaneorik. Gu ere markatu gintuzten talde askok: The Clash, Sex Pixtols, The Undertones, The Jam, The Stranglers, eta batez ere 2 Tone zigilukoak: The Specials, Bad Manners, Madness, Selecter, The Beat… Gainera, hauetako bat beren gorenean Aixerrota kanpara (Punta Galea, Getxo, Bizkaia) ekarri genituen nuklearren aurkako komitekook. Izugarria izan zen: Niko Etxart, Zarama eta The Beat! Niri eta Kortatuko lehenengo bateria-jotzaile Mattin Sorzabalbereri tokatu zitzaigun berentzat sandwichak prestatzea eta beraiekin jatea.
Baina tira, ez aipatutakoak bakarrik, lehenagokoak ere bai, Ez dok Amairu edo Imanol, azken hau entzuten nuenean abesten [osorik errezitatu du buruz] “Lehengo batean, kalearen erdian, Benta-Handi erdian, Xabier anaia, hil zuten (…) Eta nolaz gu, gu, eguneroko patxara merkean oso lasai bizi geran… geure izerdia xurgatzen duten beste jende horiek bihar ere, berriro ere, beste bat hilko dute”. Ulertu gabe zer esaten zuen, baina nola abesten zuen… markatu ninduen. Gero ikasi nuen zer esaten zuen, esaldi laburretan, Zu Atrapatu Arte bezala. Horrez gain, musika latinoamerikarra (Victor Jara, Quilapayún…), Rock and rolla edo Nina Simone aipa nitzake. Duela gutxi ikusi nuen berari buruzko Summer of Soul dokumentala, hasten da jotzen pianoa, kristoren diskurtsoa botatzen du eta oilo larrua jartzen zaizu. Eta eragin handiena: Otis Redding. Niretzat hori entzutea zen esklabotzatik zetorren zerbait jasotzea bezala, tristura, borroka eta bizi-poza. Alegia, nik ere izan ditudala halako erreferentziak eta zer sentitzen dudan? Transmisio lana ongi egiten ari naizela. Ea hori jaso duten musikariek transmititzen asmatzen duten.
Gure Jarrera emango nioke. Beste diskoak errelato bildumak dira, hau ordea eleberria da, bere sarrera, lehenengo kapitulua (Lehenbiziko bala), azkena eta epilogoarekin.
Zenbat sufriarazi zigun zortzi urtez, heriotza mehatxuak jaso genituen, gutunak, bonba mehatxuak Esan Ozenkin… Hemen ez da bake prozesurik izan, eta Galindo horren adibide bat da. Bera Apocalypse Now-ko Kurtz koronela zen, ukiezina, torturatzaileen nagusia. Baina ez bakarrik hori: estatu terrorismoa, kontrabandoa, droga banaketak… jakin behar genituzkeen gauza asko eraman ditu. Hil zenean pentsatu nuen: “Hau bakean joan da eta hemen beste pila batek kartzelan jarraitzen dute”. Euskal presoak kalera atera behar dira. Etxean behar ditugu.
Negu Gorriaken 2001eko Belodromoko kontzertuaren hurrengo astean izan zen, Intxaurrondo ondoan bi gauetan 25.000 pertsonak gurekin garaipena ospatu berritan. Bartzelonara joan nintzen presoen aldeko kontzertu bat ematera eta han nire aurka lehergailu bat jartzen saiatu ziren. Lau neonazi erre ziren Sants auzoan, etxean egindako lehergailua kontzertua jo behar genuen lekuan jartzen ari zirela ustekabean lehertu zitzaienean, eta batzuk ospitaleratu egin behar izan zituzten. Handik bi urtera, epaiketan esan zuten lehergailuaren helburua ni nintzela eta ziur nago Galindoren opari bat izan zela. Oso ezagunak ziren neonazi horiek, bat zen [Santiago] Royuela, bere aitak talde frankista bat zuen eta El Papus aldizkariaren egoitzan lehergailu bat jartzea egotzi zioten –1977an hildako bat eta beste bat larri zauritua–. Bere semea talde nazi bateko kide zen, Ynestrillas eta hauekin harremanak zituena. Ynestrillasi Josu Muguruzaren hilketa leporatu zioten eta niri askotan egin zidaten mehatxu horrela: “Muguruza bat garbitu dugu, bigarrena zu izango zara”.
…badakizu zer egin zigun Guardia Zibilak?
«Lau neonazi erre ziren Bartzelonan, etxean egindako lehergailua kontzertua jo behar genuen lekuan jartzen ari zirela lehertu zitzaienean. Epaiketan esan zuten ni nintzela helburua»
Kontzerturen batera edo zinemara joaten ginenean, haurrak Irungo neska batek zaintzen zizkigun. Handik denbora batera bortxatu egin zuten eta pistola bat sartu zioten aluan. Gero, Irungo emakume bat atxilotu zuten eta torturatzen ari zirela, galdetu zioten ea nork zaintzen zituen Fermin Muguruzaren haurrak. Edo oroitzen naiz Gurutze Iantzi hil zenean, guardia zibilak bere ahizparen etxea miatzera joan zirela. Erroman topaketa antifaxista batzuetan 1991n elkarrekin egon ginelako bazuen hara joan ginen taldeko argazki bat eta esan zioten: “Zuk ere ezagutzen duzu Muguruza putaseme hori?” eta niri errekadua pasatzeko esan zioten. Heriotza mehatxuak bidaltzen zizkidaten leku askotatik urte luzez.
Hori inoiz ez. Grina aldatzeak eta mugitzeak pizten dit, New Orleansera joateak eta buelta emateak lehendik egindako kantuei, hango giroarekin bustitzeak. Batek esan zidan behin, “Kortaturen kantuak entzun nahi ditugu baina Kortatuk egiten zituen bezala”, eta nik: “Kortatuk egiten zituen bezala, noiz? Lehenengo diskoan, bigarrenean, Kolpez Kolpe-n ala zuzenekoan, non haize sekzio bat eta perkusioa genuen? Zertaz ari zara?”. Beti egon da zenbait jende aurrekoarekin gelditu nahi izan duena, baina nire erantzuna da, nire ibilbide osoarekin geratu behar zara.
Bai, baina ez bakarrik euskaldunok. Klika-rena la ostia izan zen, auto-tunea zuelako. Ni giro horretan nengoen, semeak musika hori entzunarazten zidalako eta hori egin behar genuela pentsatu nuen. 2000. urtean, Big Beñat-ek bere Big Beat erritmo elektroniko nabarmena izan zuen, eta 2018an Klika-rekin kalean gertatzen zenarekin konektatu behar genuen, horregatik auto-tunea eta dance-hall erritmoa. Orain erabat onartuta dago auto-tunea eta jende piloak erabiltzen du.
Lehen distortsioa, erritmo aurre-grabatuak edo bateria elektrikoa ez ziren onartzen. Bob Dylan gitarra akustikotik elektrikora aldatu zenean, askorentzat sakrilegioa izan zen. Pete Seeger-ek aizkora batekin gitarraren kablea moztu nahi izan zion, eta Martin Scorsesek egin zuen dokumentala hasten da tipo baten oihuarekin: “Juuuudaaaaas!”. Camarón de la Isla ere traidore bat zen flamenkoaren puristentzat Andaluzian, gauzak beste modu batean egiteagatik. Aldaketa onartzea beti kostatzen zaio jendeari, ez da euskaldunon kontua bakarrik.
Hauekin oso emozionatuta: Chill Mafia, Hofe, Ibil Bedi, Tatxers, Broken Brothers, Olaia Inziarte, Eneritz Furyak, Petti, J Martina, Merina Gris, Sara Zozaya, Nakar, Verde Prato, Olatz Salvador, Gailu… Horiek denak eta beste asko oso gustura entzuten ditut. Talde horietako asko gonbidatu ditut gure kontzertuetan lehen taldeak izateko.
«Aldaketa onartzea beti kostatzen zaio jendeari, ez da euskaldunon kontua bakarrik»
Artozkikoa, adibidez, handia izan zen. Guardia Zibilak errepide guztiak kontrolpean zeuzkala, kontzertua egitea lortu genuen. Manu Chaoren bira bukatu genuen 2003ko irailaren lehenengo astean, eta nire bakarkako bira hasi nuen kontzertu horrekin irailaren amaieran. Jendeak mendietatik gure anplifikagailua eta soinu ekipoak eraman zituen… Leño izeneko Iruñeko gure lagun handi bat ibili zen buru belarri horretan. Gertatzen dena da, gero kontrapartea daukagula: porrota. Baina momentuan pentsatzen duzu, “bihar ondoratuko dute, baina gaur hau lortu dugu”. Victor Jarak abesten zuen bezala Te Recuerdo Amanda-n, “la vida es eterna, en cinco minutos”.
Dudarik gabe, intsumisioarena beste fase indartsua izan zen. Momentu batean erabaki zuten ez zirela aurkeztuko epaiketetara. Mikel Anestesia hor zegoen eta erabaki genuen epaitegi aurrean kontzertua jotzea kamioian bere aurka bilatze eta atxilotze agindua ematen ari ziren bitartean. Baina kontua da ez gaudela bakarrik, komunitate oso bat dagoela aktibismoan hori egiteko prest dagoena. Egun hartan 100 pertsona genituen guri laguntzeko prest. Ertzaintzaren furgonetak ere hor zeuden, kaskoak jantzita zeuden, baina iritsi ginenean furgonetan, gazteek kalea moztu zuten, telebistak hor zeuden… eta erabaki zuten ez esku hartzea. Amaitu zenean atera ginen, pista. Salaketa bat jarri nahi izan ziguten gerora, baina hor geratu zen.
Oso polita izan zen, baita ere, Parisen egin genuen azkena, 2017an presoen alde, kamioi batean Montparnassetik ateratzea eta bide osoa egitea hiriaren erdigunetik, oso indartsua izan zen. Eta azkenik, Herrera de la Manchako espetxe aurrekoa, Negu Gorriaken lehen kontzertua 1990ean. Hori handia izan zen.
Kortaturen garaian ere oso kritikoak ginen, gogoratu Yoyesena (bere anaia Angel Katarain gure teknikaria zen eta gaur egun ere bada, azken bira honetan gure alboan izango da), edo Hipercor-ena (handik egun batzuetara ondoko auzora joan behar genuen jotzera) edo Zaragozako kuartelarena… baina bai, orokorrean borroka armatuaren aldeko jarrera geneukan, baita bake prozesuaren aldekoa ere. Azken Guda Dantza diskoak Aljeriako mahaiari egiten zion keinua, konbentzituta geundelako borroka armatua bukatzear zela. Hori, baina, ez zen gauzatu eta Josu Muguruza hil zuten ni Egin Irratian nengoela. Anaia bat bezalakoa nuen. Xabier Kalparsoro eta Gurutze Iantzirena ere gertatu zen gu Europan zehar genbiltzala Negu Gorriakekin. Hala ere, 1995ean [Gregorio] Ordoñez hil zutenean, taldekideok Donostiako HBko zinegotzi eta bozeramalea zen Begoña Garmendiarekin bat egin genuen. Oraindik gogoratzen ditut berak esandakoak hitzez hitz: “Aurkari politikoak arma politikoekin borrokatu behar ditugu”. Baina kontuan izan behar da, halaber, gure arteko edozein desadostasun nola erabiltzen zen, horregatik aurka geunden askok, gauza horiek barne-mailan adierazten genituen. Hori bai, une bat iritsi arte…
«ETAk Miguel Angel Blanco hil zuenean 1997an “Ankerra eta okerra” idatzi nuen Egin-en eta su-eten bat eskatu, moratoria bat, borroka armatuaz hitz egiteko. Oso gogorra izan zen, jende zenbaitek oso gaizki hartu zuen»
Nik bozgorailua nuen, baina beti izan dut inguruan ni bezala pentsatzen zuen jendea. Adibidez, Egin-en bertan, iritzi saila Sabino Ormazabalek eramaten zuen, eta lehen aipatu dugu, berak lehendik ere pentsatzen zuela borroka armatua utzi behar zela. Zutabe bat idazten nuen Egin-en eta zenbait gauza jartzen hasi nintzen… eta lehenengoa 1995ean Aldaiaren bahiketaren eta pintada batzuen kontra. “Aldaya paga y calla” (Aldaia, ordaindu eta isil zaitez) zioten, gu “Hitz egin” kanpainan buru belarri sartuta geundela, eta gero Miguel Angel Blanco hil zutenean, 1997an. “Ankerra eta okerra” idatzi nuen Egin-en eta su-eten bat eskatu, moratoria bat, borroka armatuaz hitz egiteko. Eta bai, oso gogorra izan zen. Jende zenbaitek oso gaizki hartu zuen eta leku batzuetan traidore hitza erabili zuten, baita margotu ere. Baina tira, gero konturatzen zara bizitza honetan oso erraz erabiltzen dela hitz hori. Eta nik neureari eusten nion bitartean jarraitzen nuen kolaboratzen bai Jarrai baita Haikarekin ere, eta Lizarra-Garazi heldu zenean, Haikarekin. Horren porrotaren ostean, oso esplizitua izan zen borroka armatuarekiko nire errefusa, Zuzen desobedientzia zibileko taldearekin kolaboratzen aritu nintzen, eta esan behar dut 2004ean Segik proposatu zidala Gazte Topaguneko kantua egitea, eta egin nuela.
Oso kezkagarria da. Donostian, adibidez, afari solidarioena oso ongi antolatuta kendu dute: egun batean kontzentrazio bat egiten dute PPko zinegotziak bertan daudela, eta hurrengo egunean [Eneko] Goiak afariak debekatzen ditu. Baina zer da hau? Futbolean kristoren iskanbilak daude beti eta hori ez da debekatzen, baizik eta kalean dauden liskarrak baretzeko lagungarri izan litekeen tresna oso garrantzitsu bat. Nire ustez pedagogia handia egin behar da eta aktibatu egin behar da jendea laguntzen saiatzeko, batez ere jende zaurgarria. Donostia bezalako hiri batean, oso ikusgarria izan zen igande berean zer bi manifestazio egin ziren: turismoaren desazkundea eskatzeko bata eta afari solidarioen alde bestea. Oso argia mezua.
Egia esan, oso gaizki daramat Palestinakoa eta ezinbestekoa iruditzen zait boikota bultzatzea: Israeli boikot. Aipatzen didazun txioa, Donostiako lehen manifestazioaren harira izan zen, komunikatua oso epela baitzen, ez zituen boikota eta genozidioa aipatu ere egiten. Iruditzen zait batzuetan saiatzen garela lortzen kontsentsurik handiena, aldarrikapenak edukiz hustuta. Ez nengoen ados eta manifestaziora joan nintzen manifestua sinatu gabe. Holokausto bat bizitzen ari gara, urtebete daramagu eta palestinarrek zer eskatzen digute? Israeli boikot. Zer eskatzen zuen Desmond Tutu-k hil aurretik? Israeli boikot. Boikota eraginkorra izan zen Hegoafrikako apartheidaren aurka eta boikota eraginkorra izan behar da Israelen aurka. Horrez gain, mundu mailako greba orokorra eskatuko nuke, egun batekoa edo bikoa, edo aste batekoa, zergatik ez. Hirugarren mundu gerraren atarian gaude, goazen dena gelditzera. Palestinarekin posible dela iruditzen zait. Horrekin lotuta, Donostian emango dugun kontzertuan, DAM talde palestinarra izango da gurekin eta espero dut ekarri ahal izatea.
Eider Rodriguezek idatzi zuen bezala, ez da nostalgia, baizik eta orain-bizia, memoria historikoaren ariketa bat. Eta horrela sentitzen dut. Berreskuratu ditugu, irizpide bezala, gutxienez, disko bakoitzetik kantu bat, 33 izango dira, bi ordu eta erdi gutxienez zuzenean. Denetarik dago. Duela gutxi idatzi nuen Ulrike Meinhof azken kantatik, La linea del frente edo Kolore Bizia-ra. Bisual batzuk ere eramango ditugu, 33 kantuetatik hamabostek-edo edukiko dituzte, ikusteko zer lan egin dudan, eta adibidez, Yalah Yalah Ramallah-n ikusiko dira Checkpoint Rock-eko irudiak. Errepaso bat izango da, esateko modu bat: hau da nik 40 urteotan egin dudana guztia, hau da ene ondasun guztia.
Nabarmenduko nuke adibidez, Buenos Airesen Mileirekin dagoen giroaren erdian, dagoen gutxia ere pribatizatzen ari diren honetan, Estadio de Obras aretoan joko dugula. Rockaren tenplua da, 5.000 pertsonarentzako edukierarekin. Edo Mexikon, nire inguruan herrialde hartan ibili diren taldeak izango dira, Tijuana No-koak eta abar, 10.000 lagunentzako leku batean egingo dugu. Berlingo kontzertuko sarrera guztiak salduta daude eta maiatzean izanen da, Parisen La Cigalle-n jotzea izugarria iruditzen zait… Oso pozik nago, jende askok ilusioz hartu duelako. Ez hemen bezainbesteko pozarekin, noski, baina Espainiako Estatuan, Katalunian, Galizian… oso indartsu hartu da. Madrilen 10.000 sarrera baino gehiago saldu dira. Hori beste garaipen bat da.
Eta Donostikoaz, zer esan? Nire ibilbidearen gailurra izanen da. Eta nolabait euskal musikarentzat mugarri bat. Jaialdi bat izanen da eta talde gonbidatuak ondorengoak izanen dira: Donostiako Niña Coyote eta Chico Tornado, Arrasateko Des-Kontrol, Irungo Selektah Stepi (Bad Sound System) Dj moduan aritzeko taldeen artean eta Palestinako DAM, ea lortzen dugun ekartzea. Urko Rodriguezek txio batean esan zuen bezala, gure Wattstax jaialdia bilakatu nahi dugu, eta bide batez Aitor Zabaleta omendu.
«Sold out-aren kulturak esklusibotasuna saltzen du, horregatik erosi behar dituzu hain azkar sarrerak, eta hori ez da gure baloreetako bat»
Konplexua da, baina gaizki iruditzen zait artistak Sold out-a behar izatea. Pandemiarekin hasi ziren zenbait jende aldarrikatzen Sold out [sarrerak agortuta] egin zuela, aretoak kapazitate erdira zeudenean. Ilusioa egiten zien. Lehenago ere talde askok saltzen zituzten sarrera guztiak, edo areto askok saltzen ditu sarrera guztiak askotan, baina ez zen halakorik sortzen. Kontua da, sold out-aren kulturak esklusibotasuna saltzen duela, horregatik erosi behar dituzu hain azkar sarrerak, eta hori ez da gure baloreetako bat. Hala ere, behin hori esanda, gertatzen zaizu niri gertatu zaidana Miribillan. Jone [Unanua] eta biok sukaldean geunden begira, seko harrituta. Sarrera guztiak minutu gutxian saldu izana ez genuen ospatu ere egin. Kristoren ardura sentitu genuen, jendea haserre zegoen ezin izan zuelako sarrerarik lortu. Eta bigarrena egin genuenerako nik prest nuen mezua, minutu batean saldu baitziren sarrera guztiak berriro. “2025ean zer egin dezakegun aztertzen hasiko naiz gaur bertan”. Esan genuen, zer egin dezakegu sold out-aren aurka Euskal Herrian? San Mames eskaini ziguten, baina bi Miribilla eta gero, guk argi geneukan Anoetan izan behar zela. Goazen Anoetara jendeari leku egitera. Gero gertatu zaigu 25.000 sarrera inguru goazela salduta, astakeria izugarria. Orain gutxi ireki dugu bigarren eraztuna, beste 8.000 lekurekin. Sarrerak ahalik eta merkeen jartzen saiatu gara, baina gastuak erraldoiak dira, futbol zelaiko belarra aldatzea eta abar, eskerrak Bruce Springsteenekin partekatuko dugula gastu hori.
Anariri irakurri nion, edo denok batera antolatzen dugu zerbait edo ezin dugu ezer egin. Nik hor daukat nire musika guztia. Eta ikusten dut Spotify-k kristoren dirutza jarri duela Bartzelona futbol taldearen sponsorra izateko eta kamisetan logoa jartzeko, eta edukiz betetzen duten musikarioi huskeria bat ordaintzen digute. Esklabo edo paria batzuk bezala tratatzen gaituzte. “Arriba, parias de la Tierra. En pie, famélica legión”. Baina ez da hori bakarrik. Are okerrago iruditzen zait sare sozialena. Elon Musken mezuak hor dauzkat denbora guztian eta ez dut jarraitzen. Hori bai iruditzen zaidala gogorra.
Batetik, penagarria da ikustea ze sortzaile gutxi bizi den kulturatik. Sortu dugu sekulako azpiegitura sarea, kultur teknikariak dauzkagu, eta ongi dago, baina sortzen dutenak oso larri dabiltza. Bestetik, euskal zinemarekin lotuta, ez dugu euskal zinemarik. Ari gara kristoren tranpan erortzen, kulturaz arduratzen diren politikariek esaten digutelako kristoren arrakasta duela euskal zinemak. Gezurra da. Euskal fikziorik ez dugu, hori oso larria da. Kristoren produkzioak ari dira etortzen Euskal Herrira, orain gainera pizgarri ekonomikoak daudelako Gipuzkoan eta Bizkaian, eta laster jarriko dituzte Araba eta Nafarroan ere. Etortzen dira hona lanera, aurkitzen dute hemengo jendea lan egiteko, baina kanpoko produkzioak dira. Dena gaztelaniaz. Eta errelatoaren inguruan izugarrizko erasoa daukagu, La Infiltrada eta horrelako lanekin. Baina hor beste gai batean sartzen gara.
Oso galdera ona da, ez dakit. La Infiltradan kantu batzuk jartzeko eskatu zidaten eta ezetz esan nien. Eta badakizu zer egin duten? Soinu banda horretan kantu batzuk Adimen Artifizialarekin sortu dituzte, gure taldeen antzeko musika sortuz. Kantu horiek ez dute egiletzarik soinu bandan eta larria iruditzen zait. Eta zer egin dezakegun horren aurka? Horrelako produkzioak egiteko Espainiako Estatuaren menpe gaude erabat, eta beraz, ez digute inoiz baimenik emango beren errelatoaren aurka egiten badugu. Zinema mota hori egin nahi duenak badaki ate horiek itxita daudela, eta horrela oso zaila dela halakorik egitea. Badakite zertan ari diren, errelatoa finkatu nahi dute eta etengabe horretan aritzeko boterea dute. Oso etsita nago, urteak eman ditut zineman eta ikusi dut zein den egoera. Ez dago modurik, honek Intxaurrondo productions dirudi.
Angela Davis-ek esaten duen bezala, esperantza diziplina bat da eta egunero lantzen da. Bestela akabo.
Hemos actualizado nuestra política de privacidad para la nueva legislación de protección de datos y nuestro compromiso con la transparencia. No hemos cambiado la forma en que usamos y compartimos sus datos, pero creemos que necesita saber qué datos recopilamos de usted, cómo los tratamos y qué opciones y control tiene. Configurar cookiesRECHAZAR COOKIES ACEPTAR TODO