Kazeta ➝
Fermin Muguruza musikariak kontzertua eskainiko du abenduan Biarritzen. Atabal gelan antolaturiko emanaldia badira bost urte zendu zen Iñigo Muguruzaren urtebetetze datan iraganen da, abenduaren 17an. Sartzeak salgai izanen dira irailaren 5 honetako 09:00etatik goiti.
Kortatu rock taldearen 40. urtemuga kari, munduan zehar bira eginen du heldu den urtean Fermin Muguruzak. Urtarrilean hasi eta urrira bitartean 20 bat kontzertu eskainiko ditu.
Hala, 2025ko urtarrilaren 18an Tenerifeko La Lagunan antolaturiko kontzertuaren bidez hasiko da bira. Handik aurrera, besteak beste Bartzelona, Zurich, Berlin, Buenos Aires, Erroma, Madril eta Tokio hirietan emanaldiak aurreikusi ditu Muguruzak.
Frantziar Estatuari dagokionez, 2025ko martxoaren 21ean Parisko La Cigale gelan izanen da musikari irundarra. Biharamunean, Bordelen arituko da eta martxoaren 23an, berriz, Okzitaniako Tolosan.
Euskal Herrian, orain arte bi plaza zehaztuta zituen musikariak bira horren atarian. Hala, Bilbon kontzertu bi eskainiko ditu. Miribillan, abenduaren 20 eta 21ean izanen da hitzordua. Donostian, berriz, Anoetan arituko da, ekainaren 14an.
Hiru kontzertu gehiago
Atzo arratsaldean bere sare sozialen bidez musikariak berak jakitera eman zuenez, Biarritzen antolaturiko kontzertua gehitu behar zaio egutegiari. Horrekin batera, biran beste bi hitzordu izanen direla baieztatu zuen, bata Dublinen eta bestea Meridan.
Zehazki, heldu den abenduaren 17an Atabal gelon iraganen da musikari bezala soilik ez, azken urteotan zinema zuzendari bezala ere nabarmendu den sortzailea. Gauzak horrela, Lapurdin emanen dio hasiera Muguruzak bere bira mundialari.
Data esanguratsua hautatu du rock abeslariak Atabalen eskainiko duen kontzerturako, abenduaren 17a Iñigo anaiaren urtebetetzearen data delako. Hirurogei urte beteko lituzke. Horrendako, Iñigorekin batera aritu ziren hainbat lagunek hartuko dute oholtza Biarritzen.
Kontzerturako sartzeak salgai ezarriko dituzte gaur, irailak 5, 09:00etatik goiti.
Data berezia da irailaren 5ekoa ere, egunez egun bost urte beteko baitira gaur Iñigo joan zenetik. Hala nabarmendu zuen bart Fermin Muguruzak berak sare sozialen bidez.
Anaiari zuzendu zitzaion, hauxe adierazteko: «Hasiera berezia behar zuen guzti honek, eta abenduaren 17an, 60 urte beteko zenituen zure urtebetetzearen egunean, gure etxea den Biarritzeko Atabalen ospakizun ederra antolatu dugu zuk gustoko zenukeen bezala, eta festa handi horretarako gure bandaren lehenengo kontzertuaz aparte, zure ikasle izan ziren batzuk elkartu eta IÑIGOREN DISZIPULOAK taldea osatu dute espreski egun horretarako».
Hitz hauekin borobildu du bere mezua: «Iñigo, zure eredua izar distiratsua da, su txiki, itsaso honetan bidea. Adiorik ez. Gora bizitza!».