Goiena ➝
Oñatiarrak jarri dio ahotsa Black is beltza II: Ainhoa filmeko protagonistari. Hilaren 23an estreinatuko dute, Belodromoan; 30ean, berriz, zinema areto komertzialetan.
Maria Cruickshank aktorea (Oñati, 1989) Zinemaldiko alfonbra gorritik, Kursaaleko terrazatik, igaroko da ostiral goizean, hilak 23, 11:30ean. Izan ere, jaialdi horretan proiektatuko da lehenengoz Fermin Muguruzaren Black is beltza II: Ainhoa pelikula. Estreinaldi handietarako sail herrikoien aretoan, hau da, Belodromoan, sarrera guztiak –3.000 denera– agortu dira marrazki bizidunez osatutako ikus-entzunezkoa primizian ikusteko. Ostiralean bertan izango da hitzordua, 20:00etan.
2018an kaleratutako Black is beltza-n Ainhoaren ama, Amanda, izan zinen. Oraingoan, berriz, Ainhoa bera. Nolatan?
Ferminek zuzendutako aurreko pelikulan paper txiki bat egin nuen, esan bezala, Manex protagonistaren bikotekidea, Amanda, interpretatuz. Orduan ezagutu nuen lantalde osoa, eta duela bi urte eta erdi inguru berriro deitu zidan Ferminek, esateko nigan pentsatu zuela bigarren filmerako, gidoia bidaliko zidala eta irakurtzeko. Berehala erantzun nion baiezko borobila. Istorioak sekulako indarra dauka eta Ferminekin oso gustura aritzen naiz lanean: pertsona zein lankide ona eta gertukoa da. Ainhoa moduko pertsonaia bati ahotsa jartzea sekulako aukera polita izan da niretzat.
Ainhoa bera al da bi pelikulen arteko lotura?
Hala da. Lehenengo filma 60ko eta 70eko hamarkadan kokatzen zen, garai hartan jaio zen Ainhoa, haren amaren heriotza krudela tarteko. Oraingo hau 80ko hamarkadan dago girotuta. Kuban bizi da Ainhoa, baina Euskal Herrira abiatuko da sustraien bila, aita Manex, esan gabe doanez, euskalduna baita. Hari zer gertatu zitzaion jakin nahi du. Iruñean dagoela, Egin egunkarian lan egiten duen Josune –Itziar Ituño– ezagutuko du. Lagunak egin eta abenturatan hasiko dira segituan: Libanora, Marseillara, Afganistanera… joango dira bidaian, eta, noski, gauza piloa gertatuko zaizkie.
«FILMEKO ATZERRIKO KANTUEK ASKO TXUNDITU NAUTE»
Nola sentitu zara hura interpretatzeko garaian?
Eroso. Polita izan da Ainhoak eta biok amankomunean gauza asko ditugula ikustea; hura euskalduna eta kubatarra da, eta ni euskalduna, baina nire aita Karibeko irla batekoa da. Izaerari dagokionez, fikziozko pertsonaiak egia bilatzeko eta justizia egiteko nahia du, oso borrokalaria da, ez dauka beldurrik eta beti doa aurrera. Ni neu ere halakoa naiz; beraz, ez zitzaidan ezer kostatu Ainhoaren azalean sartzeak. Oso erraz fusionatu naiz. Ainhoak dio: «Beltza naiz eta harro nago!». Eta nik ere berdin pentsatzen dut. Ezberdintasun txiki batzuk egongo dira, baina, oro har, nahiko identifikatuta sentitzen naiz harekin.
Ez zara presionatuta sentitu momenturen batean?
Justu kontrakoa! Ia esaldiro genbiltzan barrezka, nahiz eta gauza serioa izan. Ferminekin horrela izan ohi da, haren energiak kutsatu egiten zaitu, eta broma giroa nagusitzen da beti.
«FERMINEK ENERGIA TRANSMITITZEN DU, ESKERTZEKOA DA»
Marrazki bizidun bati ahotsa jartzen zer moduz?
Ahotsa jartzea aktorearen eginbeharretako bat izaten da; film bat bikoizten bada, sarri jatorrizko aktoreak berak jartzen du ahotsa bikoizketan, edo grabaketako esaldiren bat gaizki badago, post-produkzioan zuzendu daiteke audioa bakarrik grabatuta. Baina marrazki bizidunetako lehen esperientzia Black is beltza-n izan zen. Oraingoan, askoz testu gehiago izan dut, jakina.
Halako proiektu baten grabaketa prozesua desberdina al da?
Bai, arrazoi askogatik. Hasteko, saiakera piloa egin behar izan ditugu: hasierakoak marrazkirik gabe, gero marrazkiekin… Bidaia luzea izan da, noizean behin gelditzen ginen aurrera egiteko. Ahotsa Elkar estudioan grabatu dugu, Donostian. Aktoreok banaka joaten ginen grabaketak egitera. Elkarrizketa baldin banuen beste pertsonaia batekin, batzuetan ez zegoen bestearen jatorrizko audiorik, eta, baldin bazegoen, ba, hori entzunda grabatzen nuen. Aktoreok, gehienez ere, estudioan gurutzatzen ginen, eta kito.
Aktore ezagunek hezur-haragitzen dituzte pertsonaiak.
Asko aurrez ezagutzen nituen: Itziar Ituño, Mikel Losada, Eneko Sagardoi, Miren Gaztañaga, Jon Plazaola, Ramon Agirre… Badaude batzuk ez nituenak ezagutzen; Darko Peric eta Antonio de la Torre, adibidez.
«AINHOA HARRO DAGO BELTZA IZATEAZ, BAITA NI ERE!»
Lehen filmeko ezaugarriak mantentzen al dira?
Akustika trama gertatzen den tokiari lotuta dago erabat. Tokiko hizkuntzek eta musika taldeek presentzia nabarmena dute. Banda euskaldunen artean, Kortatu, RIP, Mikel Laboa, Barricada… eta halakoen kantuak entzungo dira. Ni neu, berriz, kanpoko musikak txunditu nau; Libanokoak, besteak beste.
Hizkuntzekin baduzu bitxikeria kurioso bat, behintzat.
Ingelesezko esaldiak interpretatzerakoan nire aitaren laguntza izan dut estudioan. Entzuten zuen nolako azentua jartzen nuen eta hobeto ahoskatzeko gomendioak ematen zizkidan.
Ikusi al duzu filma?
Pieza labur batzuk bakarrik. Horrekin nahikoa dut jakiteko sekulako itxura izango duela azken emaitzak. Polita da ikustea nola muntatzen den hau dena. Hasieran, gidoiaz gain, ez zegoen ezer, ezta Ainhoaren irudirik. Bat-batean, ikusten duzunean ahotsaren, irudiaren eta musikaren arteko batasuna, sekulako indarra hartzen du denak.
Eta bestela, ze puntutan dago Maria Cruickshank?
Urte hauetan amatasunean murgildu naiz, bereziki. Batzuetan, lanarekin uztartu nezakeen; Go!azen grabatzerakoan, kasu. Proiektu politak ari dira sartzen azkenaldian, ikusiko dituzue!