uriartedesign-ek
sortutako webgunea
uriartedesign-ek sortutako webgunea
Berria ➝
Gaur bete dira bost urte Iñigo Muguruza muskaria hil zenetik. Eta data esanguratsu hori hautatu du Fermin Muguruzak iragartzeko aurten hasi asmo duen kontzertu bira hari eskainitako emanaldi batekin hasiko duela. Abenduaren 17an eskainiko du lehen kontzertua Miarritzen (Lapurdi), hain justu, bizirik balego, Iñigok 60 urte beteko lituzkeen egunean. Fermin Muguruzak ez ezik, Iñigoren musika ikasle izandako musikariek osatutako Iñigoren Diszipuluak izeneko taldea ere izango da oholtzan. Gaur goizean jarri dituzte salgai sarrerak www.muguruzafm.eus webgunean, eta ordubete baino lehen saldu dituzte sarrera guztiak. 700 inguru, guztira.
Kortatu zein Negu Gorriak taldeetan elkarrekin aritu ziren Iñigo eta Fermin, eta Miarritzeko emanaldia iragartzeko sortutako kartelera ere eraman dute haren irudia, horregatik.
Abenduaren 20an Bilbon eskaintzeko asmoa zuen kontzertua zen birako lehen kontzertua izatekoa, orain arte. Miarritzeko emanaldiarekin, baina, bira hiru egun lehenago hasiko dela jakinarazi du Fermin Muguruzak. Eta horrez gainera, hurrengo hilabeteetan eskaintzekoa den nazioarteko birak bi emanaldi gehiago izango dituela ere iragarri du. Dublinen izango da bata, apirilaren 25ean, Button Factory aretoan; eta Meridan (Espainia) izango da bestea, maiatzaren 10ean, Ifeme aretoan. Salgai dira bi emanaldi horietarako sarrerak ere webgunean.
2013az geroztik kontzertu handirik eskaini gabea zen Muguruza, eta etenaldi hori aurten bukatuko zela iragarri zuen ekainean. Kortatu taldea sortu zenetik 40 urte bete direnean, hain justu ere. Abenduaren 20an Bilbo Arenan kontzertu bat eskainiko zuela iragarri zuen lehenik, baina handituz joan da asmoa geroztik. 18 kontzertuko nazioarteko bira emango zuela iragarri zuen, eta gaur iragarritako data berriekin, 21 emanaldikoa izango da, azkenik. Miarritzen hasiko da dena, beraz, eta oraindik zehaztu gabea duten areto batean amaitu urriaren 4an. Europa, Amerika eta Asia gurutzatuko ditu tartean, eta jadanik salduta daude emanaldi horietako batzuetako sarrera guztiak.
ABENDUA
URTARRILA
OTSAILA
MARTXOA
APIRILA
MAIATZA
EKAINA
UZTAILA
URRIA
Adierazpen askatasunaren aldarrikapenarekin lotu du bira musikariak. Hori adierazi zion BERRIAri eskainitako elkarrizketan, esaterako. «Nirea jazarpen baten historia dela ikusten dut argi». Besteak beste, Kortaturekin izandako istiluak, Negu Gorriak taldeak jasandako jazarpen judiziala eta bertan behera geratutako hamaika kontzertu aipatu zituen solasaldi hartan. Eta emanaldiak eskaintzea izan da horri guztiari erantzuteko hautatu duen modua: «Zer egin behar dudan? Kultura gehiagorekin erantzun».
Muguruzaren ibilbide osoko abestiak eskainiko dituzte zuzenekoetan. Zehaztua dute abeslariak ondoan izango duen taldea ere, eta, Fermin Muguruzak ez ezik, ondorengo bederatzi musikariek ere osatuko dute emanaldietako taldea: Lide Hernando gitarra jotzaile eta abeslariak, Miryam Matah abeslariak, Victor Navarrete baxu jotzaileak, Gerard Chalart 58 perkusio jotzaileak, Xabi Solano trikitilariak, Jon Elizalde tronboi jotzaileak, Aritz Lonbide tronpeta jotzaileak, Igor Ruiz Fino saxofonistak eta Gloria Maurel bateria jotzaileak.
uriartedesign-ek
sortutako webgunea
uriartedesign-ek sortutako webgunea
Pribatutasun politika eguneratu dugu datuen babeserako legedia berriagatik, eta gardentasunarekin dugun konpromisoagatik. Ez dugu aldatu zure datuak erabiltzeko eta konpartitzeko modua, baina uste dugu jakin behar duzula zure zein datu jasotzen ditugun, nola tratatzen ditugun eta zein aukera eta kontrol duzun. Ezarri cookie-akCOOKIE-AK UKATUGUZTIA ONARTU