Geuria ➝ Datorren irailaren 30etik urriaren 3ra Fermin Muguruzaren ‘Black is Beltza. Ainhoa’ (2022) filma proiektatuko dute Basauriko Social Antzokian, 20:00etan. Filma irailaren 30ean bertan estreinatuko dute zinema aretoetan, eta Basaurin aukera egongo da estreinaldiaren lehen egunetik ikusteko.
Zinta euskara hutsean proiektatuko dute eta sarrera 5 eurokoa izango da. Filmean Itziar Ituño aktore basauriarrak hartu du parte: Josuneri ahotsa jartzen dio Ituñok. Besteak beste, honako aktore hauek ere ahotsa jarri diote filmeko protagonistei: Maria Cruickshank, Antonio de la Torre, Darko Peric, Ariadna Gil, Eneko Sagardoy, Mikel Losada, Ramon Agirre, Miren Gaztañaga, Gorka Otxoa, Jon Plazaola, Joseba Sarrionandia eta Fermin Muguruza bera.
SINOPSIA
Ainhoa La Pazen (Bolivia) jaio zen mirakuluz, bere ama Amanda hil ondoren, atentatu parapolizialean. Kuban hazi zen eta 1988an, 21 urte zituela, Euskal Herrira joan zen bere aita Manexen lurra ezagutzera. Gatazka errepresibo betean, Josune kazetari konprometitua eta bere lagun koadrila ezagutuko ditu. Horietako bat heroina-gaindosiak jota hiltzen denean, Ainhoa eta Josune Libanon, Afganistanen eta Marseillan zehar eramango dituen bidaia iniziatiko batean abiatzen dira. Gerra Hotzaren azken urteak dira, eta biak narkotrafiko sareen mundu ilunean eta sare politikoekin dituzten lotura estuetan murgilduko dira.