- Bi egunetan zehar 16.000 pertsona baino gehiagok gozatu ahalko dute ‘Muguruza FM 1984-2024’ ikuskizunaz.
- Lehen kontzerturako salmentan bezala, bigarren honetarako eskaera zifrak sekulakoak izan direla nabarmendu dute antolakuntzatik.
Irunen, 2024ko apirilaren 25ean
Lehen kontzerturako aurreikuspen guztiak hautsi ostean, Fermin Muguruzak bigarren kontzertu bat iragarri zuen herenegun. Gaur jarri dirasarrera berriak salgai, etaminutu bakarrean agortu dira.
Abenduaren 20ean eta 21ean ospatuko dira kontzertuak, eta bertan Muguruzak azken lau hamarkadetan eginiko bidea ekarriko du gogora, Kortatu eta Negu Gorriak-en hastapenetatik bakarkako lan berrienetara arteko ibilbidearekin.
Behin sarrerak agortuta, egunotan jasotako maitasun guztia eskertu nahi izan du Iruneko artistak: “Asteartean asko sufritu genuen ikusterakoan nola milaka eta milaka pertsona ordenagailuen kontra borrokatzen ziren. Egia esan, oso etsigarria izan zen. Aldi berean,ez nuen inondik inora harrera hau espero, eta hitz ederrak besterik ez ditut zuon guztionganako. Azken egunotan jasotako maitasun guztia indarrez eta kemenez itzuliko dizkizuet taula gainetik, eta hasiko naiz pentsatzen ea 2025ean ere zerbait egin dezakegun sarrerak lortu ez dituztenak asetzeko”.
Lehen kontzerturako salmentan bezala, bigarren honetarako eskaera zifrak sekulakoak izan direla nabarmendu dute antolakuntzatik. Izan ere, minutu bakarreanagortu dira gaurko 8.000 sarrerak, eta abenduko bi kontzertuetan 16.000 pertsona bilduko dira Bilbao Arenan. Kanpoan, berriz, milaka pertsona izango dira sarrerarik gabe geratu ostean.
2013 urtetik eszenatoki handietara igo gabe egon ondoren, Fermin Muguruza musikariak taula gainera itzuliko dela iragarri zuen joan den astean,bere urtebetetze egunean, ‘MuguruzaFM. 1984-2024’ izenburupean eskainiko duen ikuskizunarekin. Bertan, azken lau hamarkadetan eginiko bidea ekarriko du gogora, Kortatu eta Negu Gorriak-en hastapenetatik bakarkako lan berrienetara arteko ibilbidearekin.
40. urteurren hau momentu berezi batean dator, izan ere, espainiar eskuin mediatiko eta judizialak berriz ere abiarazi du Muguruzaren aurkako oldarraldia. Horren aurrean, ‘Zentzurari Stop’ adieraziz erantzungo die Muguruzak taula gainetik, bere ibilbidea eta ondarea aldarrikatuz. Kontzertuan, besteak beste, Kortatu-ren zein Negu Gorriak-en garaiko lan sendo eta konprometitua edota bakarka izan duen bilakaera ekarriko ditu gogora. Kantu historikoz beterikobigau izango direla aldarrikatu du Muguruzak.
Bi kontzertu hauek ikuskizun soil bat baino askoz gehiago izango direla nabarmendu du artistak, musika adierazpenerako eta aldaketa sozialerako tresna gisa erabiliz. Publikoakeuskal musikaren ikono bilakatu diren hainbat abestiz gozatu ahalko du.
« Kontzertu hauek zentsuraren eta azkenaldian herri gisa jasaten ari garen eskuin muturraren erasoen aurkako festa izatea nahi dut »
« Kontzertu hauek zentsuraren eta azkenaldian herri gisa jasaten ari garen eskuin muturraren erasoen aurkako festa izatea nahi dut. Hor daude Valentzian nire omenez egindako horma irudiagatik inputatu duten ikastetxe bateko zuzendaria eta zuzendaritza-kontseiluko 5 irakasle, edota Itziar Ituñoren edo Athleticeko jokalarien aurkako erasoak ‘Sarri, Sarri’ abesteagatik. Oso argi eta ozen esan nahi diet: Abenduaren 20aneta 21ean ‘Sarri, Sarri’eta beste hainbat abesti gure indar guztiarekin kantatuko ditugu, herri honetan zentsuraren gainetik aurrera egiten dakigula erakusteko”,nabarmendu du Muguruzak.
Argazkia: Ricardo Rubio
Eragin eta karisma handieneko figura
Irungo artistak gogoratu du ohore eta pribilegio handia dela 40 urteko ibilbide hau agertoki baten gainean ospatu ahal izatea, “batez ere nire inguruan jendea erortzen ikusi ondoren. Eskenatokira igo nintzen azken aldia kontzertua eskaintzeko, Iñigo anaiaren omenez izan zen, duela 5 urte, eta oraingoan espero dut kontzertu hauek bereziak izatea datozenentzat; niretzat, behintzat, hunkigarria izango da. Gutako askorieta herrialde honetako imaginario kolektiboari forma eman dioten uneak gogoratuko ditugu hainbat hamarkaden ostean”.
Muguruza euskal musikaren panoraman eragin eta karisma handieneko figuretako bat gisa definitu da hainbat sektoretan. Bere anaia Iñigorekin batera Kortatu musika taldea sortuz hasi zuen bere musika ibilbidea. Kortatu desegin zenean, Negu Gorriak rock taldea sortu zuen berriro, Iñigorekin,Kaki Arkarazorekin, Mikel Txopeitiarekineta Mikel Anestesiarekin batera. Taldea 1990eko hamarkadako eszenako garrantzitsuenetarikoa izan zen.
Negu Gorriak-en desegitearen ondoren bakarkako ibilbideari ekin zionMuguruzak, reggae eta dub-a oinarri hartuz eta erritmo latindarrak, rock, hip hop, funk, soul eta drum and basseko elementuekin fusio estiloa nahastuz.
Besteak beste, Manu Chao, Banda Bassotti, Amparanoia, Tijuana No!, Albert Pla, Zebda, Desorden Público, Reincidentes, Angelo Moore, Refree, Obrint Pas, El Columpio Asesino, Peret edota hamarnaka artistekin kolaboratu du lau hamarkada hauetan zehar.
Horrez gain, azken urteetan zinema eta dokumental gintzaren munduan aritutakoa da Muguruza, eta gai sozialak jorratzen dituzten hamaika lan sortu ditu, besteak beste,Al Jazeera katearentzat arabiar musikari buruzko hamaika dokumental biltzen dituen ‘Next Music Station’(2011), ‘NOLA? Irun meets New Orleans’ dokumentala (2015), ‘Black is Beltza’ (2018) eta ‘Black is Beltza II: Ainhoa’ (2022) animazio-filmak, edota berriki aurkeztu duen ‘BIDASOA 2018-2023’ dokumentala (2023), besteak beste.