EITB ➝
Fermin Muguruza zuzendariak eta Jone Unanua ekoizle eragileak « Bidasoa 2018-2023 » dokumentala aurkeztu dute Durangoko Azokan, Irudienea gunean. « Bidasoari egindako amodiozko kantua » egunero egongo da ikusgai, Kulturaren Plazan.
2021eko apirilaren 22an, Fermin Muguruza irundar musikari eta zinemagileak zartakoa jaso zuen Unai Iturriaga Zugazart marrazkilariak Naiz hedabidean eginiko biñeta ikustean: lau egun lehenago, Tessfit Temzide 21 urteko eritrearrak, gizonak, pertsonak, bere buruaz beste egin zuen Irungo Azken Portun, Hendaiara begira, ukatu zioten lurra (Frantziako Poliziak Irun eta Hendaia arteko mugan geldiarazi zuen) aurrean zuela.
Marrazkiaren indarraz, Zugazartek XX. mende hasieran batik bat AEBko hegoaldean zuhaitz adarretan urkatuta hiltzen zituzten beltzekin erkatu zuen Temzideren heriotza, zeinak « Strange fruit » Billie Holidayk ezagun egin zuen kantuan ohoratu baitzituzten (« gorpu beltzak, hegoko brisarekin kulunkan »). Muguruzak kulturgile gisara zerbait egin behar zuela deliberatu zuen orduan, atzo Durangon eginiko solasaldian azaldu zuenez.
Esan eta egin: artean « Black Is Beltza 2: Ainhoa » filma bukatzen ari zela, Muguruzak ekin zion « Frantziako Gobernuak 2018an Irun eta Hendaia arteko hiru zubiak itxi zituztenetik Bidasoan, gure ibai maitean, gertatzen ari zenari buruz » dokumentatzeari: 2018 horretatik gaur egunera arte, gutxienez hamar pertsona hil dira mugaren inguruan, alde batetik bestera ezkutuan pasatu nahian itota, trenak harrapatuta edo berantetsirik bere buruaz beste eginda.
« Ez genuen kazetaritza dokumental bat egin nahi. Zerbait ezberdina izan behar zuen », azaldu du Muguruzak areto betearen aurrean eginiko hitzaldian. Musikan ere ohikoa izan duenez, estilo nahasketara jo zuen orduan.
Dokumentalen estilo klasikoan, egoera barrutik ezagutzen duten protagonisten (pertsona migranteei laguntzeko elkarteetako ordezkariak, ama etorkin baten alaba, muga zeharkatzen saiatu zen pertsona bat…) lekukotasunak bitzen ditu lanak, baina baita Bidasoa ibaiaren, « lanaren beste protagonista baten », irudiak ere. Azkenik, animazioa erabiliz, Bidasoko muga ezkutuan zeharkatu nahian hildako lagunen historia kontatzen da, lekukotasunekin tartekatuta: nor ziren, nondik zetozen eta nola iritsi ziren aurrera egiten utzi ez zien puntura.
Hain zuzen ere, horixe izan zen lanaren motibazio nagusietako bat: zenbakitzat hartuak diren horiei gizatasuna itzultzea; identitatea aitortzea Tessfit Temzideri, Yaya Karamokori, Abdoulaye Koulibalyri, Fayçal Kamadoucheri, Mohamed Kemali, Ahmed Belhiredji, Sohaibo Billari, Ibrahim Diallori eta Abderraman Bahri. Sorkuntza, estatistikaren osagarri emozionaltzat erabilia; gizatasuna, axolagabekeriaren aurreko kontrapozoi; sorkaria, klixearen mailu.
Fermin Muguruza tartean egonik, noski, musikak ere pisu nabarmena du dokumentalean, eta, 71 minutuko lanean, Bidasoaldeko hainbat eta hainbat musikariren lanak entzuten dira: Bad Sound System, Sonakay, Fermin Muguruza bera, Willis Drummond (« Bidasoa. Guretzat ez zira sekulan muga izan. Ez dugu onartuko hilerri bihur zaitezen », kantatzen dute), Olaia Inziarte (« Lehengo lepotikan burua » kantatzen du, eta gauzak ez dira gehiegi aldatu joan den mende erdialdean Salazarren diktaduratik ihesi zihoazen portugaldarrak Bidasoan ito zirenetik, Frantziara bidean), Dut (« Bandera trapu bat da, haizerik ez badabil », kantatzen dute Martxel Mariscalen hitzetan, mugez ari garela)…
Argi hitz egin zuen Fermin Muguruzak atzo, aurkezpena bukatzeko: « Ibaiak ez du hiltzen. Ibaia bizitza da, bi ertzak besarkatzen ditu. Migrazio politikek hiltzen dute ».
* »Bidasoa 2018-2023″ egunero izango da ikusgai, Durangoko Azokan, Irudienea gunean, 20:30etik aurrera.