Emanaldi berezia eskaini du asteazken honetan Fermin Muguruzak Errenteriako zumardian, Madalen aurreko txistulari kontzertuaren 15. edizioan. Jon Maia ere ondoan izan du eszenatokian.
‘Black is Beltza’ animaziozko filmeko erraldoiek bezalaxe (ez ahaztu bidean dela jada bigarren atala, ‘Black Is Beltza II: Ainhoa’), Errenteriakoek ere Fermin Muguruzaren erritmora dantza egin dute asteazken honetan, herriko zumardiak hartu duen emanaldi berezian.
Madalen aurreko txistulari kontzertuak 15. edizioa izan du aurtengoa eta Muguruza izan da hitzordu borobil honetara gonbidatu duten artista.
Gaurkoak zuriak baziren ere, Iruñeko erraldoi beltzek New Yorken dantza egin zuteneko uneari erreferentzia egiten dion ‘Black is Beltza’ abestia kantatu du Muguruzak, txistulariek lagunduta. Publikoaren parte bat eserita bazegoen ere, erraldoiek ezin izan diote gogoari eutsi eta dantzan hasi dira.
Fermin Muguruzarekin batera Jon Maia ere igo da eszenatokira, eta denon memorian dagoen bertso bat kantatu dute berriro ere.
Bertsolari zumaiarrak esker ona adierazi du sare sozialetan, Fermin Muguruzarekin batera ateratako argazki batek lagundutako mezuan: «Duela 32 urte bezela, gaur. Haria ez da eten. Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko. Betirako eskertua».