Web creada por:
uriartedesign
uriartedesign
Web creada por: uriartedesign
Berria ➝
Atzo heldu zen albistea: Hebe de Bonafini hil zen, 93 urte zituela. Argentinako Gobernuak hiru eguneko «dolu nazionala» deklaratu zuen, Maiatzeko Plazako Amen Elkarteko buru historiko eta giza eskubideen aldeko ekintzailearen omenez. 1977. urtetik, Buenos Airesko plaza horretan bildu dira diktadurak desagerrarazitakoen amak eta amonak, senideen berri eman dezaten eskatzeko. De Bonafiniri bi seme eta erraina bahitu eta desagerrarazi zizkion Jorge Videlaren diktadurak (1976-1983).
Ikusi gehiago: Hebe de Bonafini. «Gau iluna argitu zuena» itzali da
Euskal Herriko gazte batzuek bisita egin zieten amei 1994. urtean: Negu Gorriak taldeak eta haiekin bira antolatzen joandakoek. Julen Arregi ekoizlea egon zen han, eta argazkiak egin zituen.
Kontzertuetarako argiak muntatzen zituen orduan Arregik bere enpresarekin, eta biran joan zen musikariekin, Argentinan, Txilen eta Uruguain kontzertuak ematera. «Argentinan hiru emanaldi egin genituen, gauerdietan. Izan ere, kaleak arriskutsuegiak ziren gero gauean itzultzeko, eta jendeak kontzertu aretoan geratu behar izaten zuen, garraio publikoa 06:00etan berriz martxan jarri arte».
Todos Tus Muertos talde argentinarrarekin batera jo zuten. Harreman estua zegoen bi taldeen artean. Izan ere, urte horretan bertan, argentinarrek Dale Aborigen diskoa argitaratu zuten, eta, horretan, Negu Gorriak-en Lehenbiziko bala kantaren bertsio bat egin zuten, zeinetan Fermin Muguruzak berak parte hartu zuen.
Kontzertuak argiztatzeaz gain, bideoan grabatzeko ardura zuen Arregik bira hartan, eta hainbat argazki egin zituen. Horietako batzuetan ikus daitezke Muguruzatarrak —Fermin eta Iñigo—, eta taldeko beste kideak —Kaki Arkarazo, Mikel Kazalis eta Mikel Abrego— Bonafinirekin, Maiatzeko Plazako Amen bulegoan, Buenos Airesen. Horiez gain, bisitaldian egon ziren, besteak beste, Angel Katarain soinu teknikaria, Andres Kamio managerra, eta kontzertuetarako talde teknikoko kideak.
«Geu joan ginen haiengana, ezagutu nahi genituelako, eta elkartasuna adierazi», azaldu du Arregik. Argentinarrek jasandako errepresioaren berri izan zuten musikariek. Horrez gain, Bonafinik eta harekin zeuden beste amek eta amonek —«nafar bat tartean, baina ez dut gogoratzen izena», esan du Arregik— informazio zehatza eman zieten Txilen eta Uruguain ezagutu beharreko jendearen inguruan. «Izan ere, inguru hartan rocka kontu underground bat zen orduan».
Baina Bonafinik euskal musikan izaniko eragina ez zen bisita hartan amaitu. Izan ere, argentinarra Euskal Herrian egon zen bisitan bueltan, 1996. urtean, eta harekin elkartu zen Fermin Muguruza Donostiako Artzain Onaren katedraleko sotoko aretoan. Euskal presoen sakabanaketaren aurkako gose greba egiten ari ziren han herritar batzuk.
Bonafinik hainbat hitzaldi eman zituen orduan Euskal Herrian. Selektah Kolektiboa hip-hop taldeak haren hitzak jaso zituen 2000. urtean argitaraturiko izen bereko diskoan. Pobreziaren aurkako emozioz beteriko hitzaldi bat zen.
Lotura bazegoen Fermin Muguruzaren eta kolektiboaren artean, azken horrek Andoaingo gaztetxean emaniko kontzertu batean zuzenean jotzera gonbidatu zituelako, eta Negu Gorriak-en Esan Ozenki zigiluak argitaratu zuelako hip-hoplarien lehenengo lan hura.
1996, urtean bertan berriz elkartu zen, Mexikon Negu Gorriak-ek eginiko biraren harira. «Gu Lakandonara etorri berriak eta bera beste batzuekin joatekotan, denok Hotel Isabelen geunden» Mexikoko hiriburuan.
Geroztik, Argentinara eginiko bisitaldi guztietan egon zen musikaria ekintzailearekin; azken aldiz, 2012an.
Azkenekoz, urriaren 20an egon zen Muguruza Buenos Airesen, eta orduan ere Maiatzako Plazako Amen Elkartearen egoitzan egon zen, han aurkeztu baitzuen Black is Beltza II: Ainhoa filma. «Baina jada Hebe oso gaixorik zegoen, eta ezin izan nuen agurtu».
Maiatz asko pasatu dira 1994 hartatik. Baina ahotsak eta argazkiak geratzen dira, desagertutakoak gogoratzeko. Muguruzak atzo egin zion omenaldia Bonafiniri, Twitterren bidez. «Galtzen den borroka bakarra bertan behera uzten dena da».
La politique de confidentialité a été mise à jour en raison des nouvelles règles de protection des données et de notre engagement en faveur de la transparence. Bien que nous ne modifions pas la façon dont nous utilisons et partageons vos données, nous croyons que vous devez être informé de vos données que nous collectons, comment nous les traitons et quelles options et contrôle vous avez. Définir les cookiesREJECTER LES COOKIES ACCEPTER LES COOKIES