uriartedesign-ek
sortutako webgunea
uriartedesign-ek sortutako webgunea
Uztailaren 1, 2 eta 3an izanen da aurtengo EHZ Festibala. Sorgin zelaian, gurea asma lelopean, burujabetza izanen dute ardatz ondoko urteetan.
2016ko edizioaren prestaketak abiatu ditu EHZ Festibalak. Iazkoa “ekonomikoki eta moralki” arrakasta bat izan zela diote, eta, beraz, aitzina segitzeko “erabaki kolektiboa” hartu dutela. “Proposamen artistiko eta kulturala berrikusiz eta diziplinen arteko gurutzaketa indartuz iaz hartu genuen bihurgunearen ondotik, ildo beretik segitzeko xedea dugu aurten ere, gure proiektua sendotuz” adierazi du Pauline Guelle, elkarteko bozeramaileak. Deskubritzea, konferentziak, kontzertuak eta ikusgarrien gurutzaketa izanen ditu ardatz aurtengo festibalak.
Programazioaren lehen aleak ere iragarri dituzte. Fermin Muguruzak, bere proiektu berria aurkeztuko du New Orleanseko doinuak Lekornera eramanez. Rock stoner estiloan ari den Alemaniako Kadavar taldeak ere Garroako taula gaina zapalduko du, eta azkenik, Mungiako Belako taldeak Hamen lan berria aurkeztuko du. Ikusgarri andana ere izanen da urtero bezala, horien artean King Size akrobazia, eta Christophe Paviaren orrazkera tailerra -7 minutuan pertsona bat itxuraldatzea hitz ematen du-. Eztabaida gunean Bretainiako Notre-Dame-des-Landes herriko aireportuaren kontra borrokatzen den ZAD gune autogestionatuko kideek hartuko dute hitza. EHZko kide batzuk beraiekin egon ziren ZADean, orain haiek datoz Euskal Herrira, eta EHZkoekin batera bertako eragileak ezagutzeko bira bat eginen dute. Txikienentzako aktibitate andana ere izanen da hiru egunetan. Horietako batzuentzat izena eman beharko denez, laster argitaratuko dute informazio guzia webgunean.
Burujabetzaren bidean
XX. urtearen koxka gainditurik, burujabetza izanen da ondoko urteetako festibalaren ardatz. Antolatzaileek esplikatu dute bi zentzutan ulertzen dutela burujabetzaren ideia: Zapalkuntzarik gabeko Euskal Herri aske baten aldeko lana eta askapen soziala. “Festibalan sorkuntza leku baten, gogoeta leku baten, eta ekintza sozialerako gune baten plantan ematean oinarritzen da gure engaiamendua. Elikadura burujabetza, autodefentsa feminista, gogoetarako gomita, kultur sorkuntza, No Logo desmartxa, artista engaiatuak, laguntzailegoa; horiek dira kolektibo burujabe egiten gaituzten elementuetako batzuk” azaldu du Jon Irazabal EHZko kideak.
Sorgin zelaian, gurea asma lemak irudikatuko du burujabetzaren ideian egin duten hautua. Guellek esplikatu du lemari eman dioten zentzua: “Sorgin zelaia, hiru egunez gureganatzen dugun Garroko eremua da. Sorginak aldiz, guhaur; askatasun gosez gauden genero gabeko sorgin zapalduak”. Eremu hori esperimentazio gune bilakatu dute azken urteetan; bertan “asmatzen” segitzeko xedearekin jarraitzen dutela azpimarratu du.
Prezio apalagoak aurten
XXI. edizioarentzat prezio politika egokitzea erabaki du EHZk, “bere baloreekin bat eginez”; prezio guziak apaldu ditu. Programazio osoa iritsi bitartean 45€an eskuratzen ahalko da hiru egunetako sarrera, aurresalmentan 50€an eta lekuan berean 60€an. Eskaintza berezia ere izanen da gaurtik aitzina, lehen 100 lekuak 40€ eskainiko dituztelako. “Eskainntza kultural eta artistikoa ahal bezainbat jenderi zabaltzea da helburua” Irazabalen arabera. Igandeko egunaren sarrera ere merkeago izanen da aurten: 10€an izanen da aurresalmentan eta 12€ lekuan berean.
Hurrengo bi hitzordu ere aurkeztu dituzte gaurko agerraldian. Martxoaren 18an JP Lohian & Klonen Klana eta Petra taldeak arituko dira Atabalen, eta Martxoaren 23an Hegalaldia kontzertu atipikoen bigarren alea izanen da Sarako Ihartze Artea etxean; Micah P. Hinson estatu batuarra etaa Anari arituko dira. Biak ala biak, EHZk eta Atabalek elkarlanean antolatu dituzte.
uriartedesign-ek
sortutako webgunea
uriartedesign-ek sortutako webgunea
Pribatutasun politika eguneratu dugu datuen babeserako legedia berriagatik, eta gardentasunarekin dugun konpromisoagatik. Ez dugu aldatu zure datuak erabiltzeko eta konpartitzeko modua, baina uste dugu jakin behar duzula zure zein datu jasotzen ditugun, nola tratatzen ditugun eta zein aukera eta kontrol duzun. Ezarri cookie-akCOOKIE-AK UKATUGUZTIA ONARTU