uriartedesign-ek
sortutako webgunea
uriartedesign-ek sortutako webgunea
Fermin Muguruzak, ekainaren 21ean, Musikaren Nazioarteko Egunean jasoko du aurtengo Adarra Saria, artista irundarrak Victoria Eugenia Antzokian 20:00etan eskainiko duen kontzertuaren atarian.
Iñaki Zarata kazetariak, Anjel Valdés musika ekoizleak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako musika teknikariak osatutako epaimahaiak erabaki duenez, Fermin Muguruzak jasoko du aurtengo saria: berak beste inork ez bezala erakutsi du beste jatorri batzuetako doinuak eta eraginak bereganatzeko gaitasuna, eta gure kulturara ekarri ditu, euskararen baitara.
Fermin Muguruza etengabe ari da estilo ezberdineko han-hemengo talde eta musikariekin elkarlanean, nekaezin, eta, musikaren bidez, munduko bazter guztietako artistekin partekatzen ditu esperientziak; bestalde, berebiziko gaitasuna du publiko gaztearekin komunikatzeko, eta, euskal musikari gutxik bezala, bere kezka eta interesak haiei transmititzea lortzen du. Horrek guztiak artista aparta bihurtzen du. Fermin Muguruzak bide berriak urratzen ditu, eta beti dabil bidelagun berrien bila, bidea elkarrekin egiteko.
Muguruzak jasoko duen Saria Marijose Recalde (Iruñea, 1964) artista nafarraren eskultura bat da (garaikur baten tamainakoa). Lana brontzezko irudi neutro bat da, adar bat duena, musikaren jatorria iradoki nahian, adarrak naturarekin eta jatorrizkoarekin duen zerikusia dela medio. Brontzezko lana da, zenbait koloretako patinan bilduta, osagaiak bereizteko eta musikaren dardara, indarra, alaitasuna eta kitzikapena nabarmentzeko.
Muguruzak oso kontzertu berezia prestatu du ospakizun honetarako: lehen aldiz, bere errepertorioko kanta ezagunenak abestuko ditu Micaela Chalmeta Big Band – Taller de Músics de Barcelonak lagunduta. Fermin Muguruzak eskainiko duen kontzerturako sarrerek 18 euro balio dute eta ohiko kanalen bidez erosi ahal izango dira (donostiakultura.com/sarrerak eta Victoria Eugenia eta Antzoki Zaharreko leihatilak).
Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuen Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati, urtero, omen egiteko. Lehen edizioan, sari hori Mikel Laboaren sorkuntza-lanari eta jeinuari eman zitzaion. Bigarrenean, Ruper Ordorikari. Eta, iaz, Benito Lertxundik eskuratu zuen.
FERMIN MUGURUZA
Fermin Muguruza oso figura garrantzitsua da nazioarteko panorama musikalean. Irundarra jaiotzez, 80ko hamarkadaren hasieran talde bat sortu zuen, euskal musikaren agertokian eraginik handien izan duen taldea sortu ere: Kortatu. Hasieran, gaztelaniaz abesten zuen taldeak, betiere karga sozial eta politiko handiko abestiak, eta, Muguruzak euskara ikasi heinean, euskaraz hasi zen kantatzen, ska, punk eta reggae elementuak uztartuz.
80ko hamarkadaren bukaeran, Ferminek etapa berri bati ekion zion: batetik, Egin irratian hasi zen esatari, eta Igo Bolumena musika-magazinea gidatu zuen zenbait urtez; bestetik, Negu Gorriak taldea sortu zuen, eta Europan eta Amerikan eman zituen kontzertuak. Aldi berean, Esan Ozenki diskoetxea sortu zuen, zeinak taldearen diskoak argitaratu ez ezik, beste talde sortu berri asko ezagutzera ematen ere lagundu baitzuen. 6 disko grabatu ondoren, Negu Gorriak desegin zen, eta Fermin Muguruzak bere bakarkako bideari heldu zitzaion. Bide horretan, etengabe aritu da kolaborazioak egiten, eta reggae, funk, jazz eta musika elektronikoa bezalako askotariko estiloetan murgildu da.
2003an, Jai Alai Katumbi Express izeneko mundu-bira egin zuen Muguruzak, Manu Chaorekin batera, zeina lagun handia baitu Kortaturen garaitik, beren ibilbideko kantak nahastuta elkarrekin interpretatzen zituzteneko garaitik alegia. 2004an, nazioarteko beste bira bat egin zuen bere taldearekin: Fermin Muguruza Kontrabanda. 2006an, Talka diskoetxe berriarekin, Euskal Herria Jamaika Clash lana argitaratu zuen: diskoa Jamaikan grabatu zen, eta herrialde hartako lehen mailako musikari askok parte hartu zuten grabazioan. Bestalde, ordukoa da bere lehen dokumentala, Bass-que Culture, eta bertan kontatzen du nola izan zen diskoaren grabazioa Marley familiaren estudioetan. 2008an, Asthmatic Lion Sound systema diskoa atera zuen, orain arte azkena, zeina munduko hogeitik gora hiritan grabatu baitzen, eta, 2009an, Checkpoint Rock. Canciones desde Palestina dokumentala aurkeztu zuen, zeina urte hartako Donostiako Zinemaldiko erreferentzia nagusietako bat bihurtu baitzen.
Bestalde, Basurdea eta Beamon jauzia film laburraren soinu-banda konposatu du, Xomorroak (Bizitza Lorontzian) antzerki-lanaren kantak prestatu ditu, Jesus Garayren Mirant al Cel fikziozko film dokumentalaren soinu-banda konposatu du, eta, 2010ean, Next Music Station serie dokumentala zuzendu zuen, Al Jazeera Documentary Channel katerako: arabiar munduko musikari buruzko 11 dokumentalek osatu dute seriea, eta Maroko, Tunisia, Egipto, Libano, Siria, Bahrein, Kuwait, Yemen eta Sudan herrialdeetako musika-adierazpenak biltzen ditu.
2011-2012an, Eider Rodriguezekin batera gidoia idatzi ondoren, Zuloak filma zuzendu eta ekoitzi zuen, eta 2012ko Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi sailean aurkeztu. Filmak ibilbide luzea egin du, hala estatuan nola nazioartean, eta oraindik ere munduan barna dabil, herrialdez herrialde.
2014ko azaroan, nobela grafiko bat argitaratu zuen, Black is Beltza: Harkaitz Cano idazlearekin batera idatzitako istorioa da, eta Jorge Alderete ilustratzailearen irudiak ditu. Lan horren harira, erakusketa bat ere egin zuen Bilboko Alhondiga aretoan: 2 hilabete iraun zuen, eta 13.000 pertsonak ikusi zuten.
2015ean, beste urrats bat egin zuen bere diziplinartekotasuna zabaltzeko bidean, eta antzerki musikalaren munduan barneratu zen Albert Pla artista sailkaezinaren eta Raúl Fernández Refree musikariaren eskutik. Hala, Guerra izeneko obra prestatu zuten, Pepe Miravete zuzendaria eta nueveojos ikus-entzunezkoen sorkuntza-estudioa lagun zituztela, eta Bartzelonako Grec Festibalean aurkeztu zuten. Jarraian, bira bat hasi zuten, zeina 2016 arte luzatu baitzen.
2016an, berriz, Nola? Irun meets New Orleans proiketuari ekin zion. Bere ibilbide luzeko 10 abesti aukeratu, eta izen bereko diskoa atera zuen, zeinari New Orleanseko kutsua eman baitzion, diskoaren grabazioan parte hartu zuten herrialde hartako hainbat musikari esanguratsuk lagunduta. Bestalde, izen bereko dokumentala argitaratu zuen, non ahotsa eman baitzien musikari haiei, konta zezaten nola zegoen haien hiria Katrina urakana gertatu eta handik hamar urtera.
2016an ere, Black is Beltza komikiaren edizio berriak aurkeztu ondoren Frantzian, Kolonbian, Japonian eta Argelen, proiektu horren inguruko erakusketa ibiltariaren prestatze-lanetan murgildu zen, eta Bartzelonako Arts Santa Mónica sorkuntza-zentroan jarri zen erakusgarri, ekainaren 21etik uztailaren 31ra, eta egonaldi hura aprobetxatu zuen beste zenbait jarduera paralelo antolatzeko. Besteak beste, New Orleanseko zenbait musikari gonbidatu, eta haren ohiko euskal musikariekin batera, Fermin Muguruza New Orleans Basque Orkestra osatu zuen, eta 6 kontzertu eskaini zituzten ekain bukaera eta uztail hasiera bitartean. Egonaldi hartan grabatu zen Back is Beltza ASM sessions dub-diskoa, non soinu-ingeniaria Chalart58 izan baitzen.
Gaur egun, Bartzelonan bizi da, Sant Andreuko Fabra i Coats sorkuntza-espazioan lanean ari baita. Bertan, Black is Beltza animaziozko filmaren soinu-bandaren sorkuntzan murgilduta dago. Filma 2018ko irailean estreinatuko da, eta, bitartean, haren lana da publikoari erakustea nolakoa den ekoizpen-prozesu hori guztia. Bide batez, Muguruza inplikatuta dago espazio hartan garatzen ari diren literatura-, komiki- eta zinema-jaialdietan.
FERMIN MUGURUZA & MICAELA CHALMETA BIG BAND-TALLER DE MÚSICS BARCELONA
Emakume musikarien kolektiboa musika-tresna espezifiko batzuekin ez ezik, musika-tresna guztiekin ere ikusarazteko eskaeraren aurrean, Fermin Muguruzak lekukoa hartu du, eta Sant Andreuko Fabra i Coats sorkuntza-fabrikako egoiliarra izanik, Taller de Mùsics musika-eskolari proposatu zion emakumeen presentzia handia izango zuen big band bat antolatzeko aukera. Eskatutako horri erantzuteko, talde berri hau sortu da. Talde honetan emakumeen ordezkaritza ez da handia bakarrik, baizik eta emakumeek soilik osatzen dute. Honako izen honi egin nahi izan zaio omenaldia: Micaela Chalmetari, hau da, XX. mendearen lehen hereneko kooperatiba-munduaren erreferente izan zen emakumeari.
Taller de Músics herri-musikaren irakaskuntzako erreferentziazko erakunde bat da. Erakunde horrek prestakuntza sendo eta osoa eskaintzen du Musika Eskolaren eta Musika Ikasketen Goi Mailako Eskolaren bitartez. Ikasleek sormen- eta berrikuntza-ingurune batean parte hartzen dute, eta ingurune horri esker edozein estilo eta mailetara bideratutako musikako karrera ikasi eta gara dezakete jazzaren, rockaren, musika klasikoaren, tradiziozko musikaren eta flamenkoaren arloetan. Goi-mailako Eskolak Musikako Goi-mailako Titulua eskaintzen du honako espezialitate hauetan: jazzaren eta musika modernoaren interpretazioa, flamenkoaren interpretazioa, musika-konposizioa eta musikaren pedagogia. Taller de Músics erakundeak ikasleak lanbide-esparruan sartzea ahalbidetuko duen prestakuntzaren aldeko apustua egiten du eta musika hedatzera bideratutako jarduerak garatzen ditu Producciones & Management departamentuaren eta JazzSí kontzertu-aretoaren bitartez, erakundeari lotuta dagoen eta urteko 365 egunetan zuzeneko musika eskaintzen duen kontzertu-aretoaren bitartez, alegia. Gizarte-eremuari dagokionez, Taller de Músics erakundeak etengabe lan egiten du musikaren praktika biztanleriaren hainbat sektoretara hurbiltzeko, bereziki kalteberenak diren herritarrengana hurbiltzeko, eta era horretan, musika gizartea eraldatzeko tresna bihurtzeko. Nor izan zen Micaela Chalmeta?
Micaela Chalmeta 1958an jaio zen Bartzelonan eta kooperatibista, ekintzaile feminista eta sozialista garrantzitsu bat izan zen XX. mendearen lehen herenean. Bartzelonako Talde Feminista Sozialista sortu zuen eta hainbat argitalpen zuzentzeaz gain, argitalpen horietan parte hartu zuen Amparo Martí ezizenarekin. Argitalpen horietako batzuk honako hauek dira: La Internacional, Guerra Social, La Justicia Social edo Vida Socialista astekaria. Haurren esplotazioa salatu zuen eta fabriketan lan-baldintza hobeak izatearen alde, emakumeen sufragioaren alde eta ezkontza zibilaren alde azaldu zen, baita izatezko bikoteen alde eta dibortziatzeko eskubidearen alde ere. Chalmetak Honora Enfielden “Erosketa-saskia” itzuli zuen ingelesetik; lan horren 14.000 ale argitaratu ziren.
TALDEA
Saxofoi-jotzaileak
Eva Fernández Blanco
Roser Monforte Gascón
Haizea Martiartu García
Ariadna Just Orriols
Paula Carrillo Martín
Tronpeta-jotzaileak
Milagros Gonzalez
Alba Careta Arnaus
Berta García Gala
Neus Aranda Parés
Tronboi-jotzaileak
Francina Mercadal Cavaller
Eva Garín Jato
Rocío Martínez Moya
Berta Álvarez
Basea
Lidia García Bascompta (baxua)
Norman Pena Mulet (gitarra)
Laia Vallès Marín (pianoa)
Gloria Maurel i Peraire (bateria)
Zuzendaria
David Pastor
uriartedesign-ek
sortutako webgunea
uriartedesign-ek sortutako webgunea
Pribatutasun politika eguneratu dugu datuen babeserako legedia berriagatik, eta gardentasunarekin dugun konpromisoagatik. Ez dugu aldatu zure datuak erabiltzeko eta konpartitzeko modua, baina uste dugu jakin behar duzula zure zein datu jasotzen ditugun, nola tratatzen ditugun eta zein aukera eta kontrol duzun. Ezarri cookie-akCOOKIE-AK UKATUGUZTIA ONARTU