Deia ➝
Kalean da ‘Black is beltza II: Ainhoa’ filma DVD formatuan, eta jada 1.500 aletik gora saldu dituzte
Fermin Muguruzak zuzendutako animaziozko pelikula da ‘Black is beltza II: Ainhoa’. / BLACK IS BELTZA
Belodromoko filmaren aurkezpenetik ibilbide luzea egin du Black is beltza II: Ainhoa filmak, Fermin Muguruzaren (Irun, 1963) esanetan. Orain, aurkezpenetik urtebete pasatxo igaro ondoren eta DVD kalean dela, itxiera emango diote hamar urtetik gorako ikus-en-tzuleei zuzendutako animaziozko proiektu honi.
Urtebete baino gehiago igaro da du ‘Black is beltza II: Ainhoa’ filma aurkeztu zenutenetik. Nolako ibilbidea izan du pelikulak?
Estreinaldia sekulakoa izan zen, Belodromoan egin genuen 3.000 lagunen aurrean. Jendea erabat entregatuta zegoen, kontzertu bat izango balitz bezala. Ondoren, urte osoa ibili gara munduan zehar berau aurkezten. Ekainean, aurkezpenak amaituko nituela uste nuen, baina luze jarraitu dugu. Irailean, Bidasoa 2018-2023 dokumentala aurkeztu behar genuen eta paraleloan ibili naiz bi lanekin. Sevillan Goya sarietan egon ginen eta bertan bizi izandako une zoragarriak eta tentsioak ere baditut gogoan. Orain, zikloa ixten gabiltza DVDaren kaleratzearekin.
Orokorrean oso pozik gaude. Baina badugu puntu mikatz bat. Black is Beltza lehen filma, Netflixek nahi izan zuen eta mundu osorako eskuragarri dago hamar urteko lizentziarekin. Goya sarietan gertatutakoarekin, aldiz, bigarrena atzera bota dute.
Aspaldi hasitako proiektua da ‘Black is beltza’. Ezezaguna duen horrentzako laburpen txiki bat egiterik?
Dena hasi zen argazki batekin. Egunkariak atera zuen argazki bat, non Iruñeko gure erraldoi maitatuak agertzen ziren desfilatzen New Yorken. 1965ean gonbidatu zituzten eta arrazakeria medio, erraldoi beltzek ez zuten desfilatzeko aukerarik izan. Arrazakeria eta zentsura. Osagai guztiak batuta, banekien hor istorio bat zegoela kontatzeko.
Hasiera-hasieratik animaziozko pelikula bat egiteko asmoa nuen eta Harkaitz Canorekin hitz egin nuen. Aurrera, gero eta jende gehiago batu zen proiektura. Konturatu ginen egin nahi genuena gauza konplikatua zela. Pentsa, 2010ean hasi ginen, 2014ean komikia eta erakusketa kaleratu genituen. Lehen filma 2018. urtean argitaratu zen, eta lau urteren ondoren, 2022an, bigarrena.
‘Black Is Beltza II: Ainhoa’ zuk bizitako istorioan kokatzen da.
Ni 1963an jaio nintzen eta 1965ean hasten da istorioa eta 1967an koka-tzen da trama, nik lau urte nituenean, Che Guevara hiltzen dutenean, hain zuzen. Horrenbestez, dokumentazio aldetik izugarrizko lana egin dugu. Bigarren atal hau, egia da, dokumentazio aldetik errazagoa egin dela, gogoan neuzkan gertatutako hainbat gauza. Baina istorioa mundu osoan egiteak eta bide guzti horretan Ainhoak bere abenturak bizitzeak gidoi analisi eta dokumentazio lan handia eskatu du.
Iraganeko zein unek eraman zintuen bigarren zatia egitera?
Hasieratik nuen bigarren atala egiteko asmoa. Ainhoak 18 urte bete-tzen zituenean, 1985. urtean koka-tzen ginen Kortaturekin, eta ideia polita iruditzen zitzaidan Ainhoa Euskal Herrira ekarri eta istorioa bertatik abiatzea. Baina buruan nuen ideia bat zen, eta anaia hildakoan bai, beharrezkoa ikusten nuen sorkuntza prozesu horri ekitea, terapia modura.
Bigarren film hau zure anaia Iñigori (2019an hildakoa) eskaini zenion.
Berari eskaini eta Belodromoan aurkeztu genuen filma. Izan ere, Negu Gorriak taldearekin hor ospatu genuen Galindorekin izan genituen epaiketako hamar urteak, gurea izan zelako garaipena. Toki berean filma aurkeztea, Negu Gorriak taldea bertan egonda, lan talde osoa, guztiak batera, itzela izan zen, zoragarria. Nolabait sendatuago atera ginen aurkezpen hori egin eta gero.
DVDa kalean dago jada. Egungo kontsumo ereduari erreparatuta, nola ikusten da horrelako formatuan kaleratzea?
Duela lau urte esaten ziguten arraroa zela. Baina badaude oraindik objektuak maite dituztenak. Baita DVD erreproduzitzaileak eduki eta noizbait etxean jarri nahi dutenak. DVDan estra asko daude eta jendeak hori eduki nahi du. Guk geuk ere nahi genuen objektu hori eduki, dena kontzentratuta euskarri fisiko batean. Lehenengoarekin 3.000 ale egin genituen eta bigarren honen 1.500 ale saldu ditugu jada, izugarria da. Baina nik esango nuke pelikula baino, hor barruan gordetzen duguna nahi dugula. DVD hori altxor txiki bat da.
Zer aurkituko du DVDa erosten duenak?
Gauza asko biltzen dira bertan. Filmaren making of-a, adibidez. Kaleratu genituen pieza asko ere: Broken Brothers Band bandarekin grabatutako Nikaragua Sandinista kanta; Mursegorekin sortutakoZu atrapatu arte; Liher taldeak jotzen duen Iñigo anaiaren Bizitza zein laburra den pieza, eta horrelako asko. Zenbait argazki eta poster ere jaso ditugu bertan.
‘Black Is Beltza’ bukatuta, ‘Bidasoa 2018-2023’ dokumentala aurkezten zabiltza orain. Aurrera begira zer?
Irailean Bidasoa kaleratu dugu eta horrekin gabiltza: 25 aurkezpen, ehundik gora elkarrizketa. Publikoari begirako lan hau urte eta erdian egin eta orain abenduan bukatzeko pentsatuta zegoen eta hala izango da. 2024an isiltasuna gailenduko da, atsedena. Gauzak birpentsatuko ditugu, indarberritu, eta ikusiko dugu zer gertatuko den etorkizunean.